Beste 16 kasu erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun
Azken orduetan Ondarroan (10), Mutrikun (2), Markina-Xemeinen (2) eta Berriatuan (2) erregistratu dituzte kasuak. Markina-Xemeinen eta Berriatuaren kasuan, azken egunetako joera mantenduko balitz, litekeena da eguaztenean [apirilak 7] neurri murriztaile gogorragoak dituzten herrien zerrendan sartzea.
Azken egunetako joera mantendu egiten da Lea-Artibai eta Mutrikun. Hala, Ondarroak intzidentzia altua daukan herria izaten jarraitzen du; han ari dira kasu gehienak erregistratzen. Azken orduetan, hain zuzen, 10 kasu erregistratu dituzte, duela bi egun baino bat gehiago. Eta horren ondorioz herriko intzidentzia tasa ia 90 puntu igo da. Horren harira, Ondarroako alkatea Osasun sailburuagaz batzartu da.
Bestalde, aipatzekoa da Markina-Xemein eta Berriatuaren egoera ere. Lehenengoaren kasuan, datozen egunetan azken egunetako joera mantenduko balitz, litekeena da eguaztenetik aurrera [apirilak 7] 400dik gorako tasa edukitzea eta herri horien zerrendan sartzea. Berriatuari dagokionez, 5.000 biztanle baino gutxiago duen herria denez, hiru baldintza bete behar ditu 400dik gorako herriei ezarritako neurri murriztaile gogorrak ezartzeko: 400dik gorako tasa edukitzea, dagokion osasun eremuak ere 400dik gorako tasas edukitzea eta azken egunetan gutxienez lau kasu edukitzea. Gaur gaurkoz, Berriatuak hiru baldintza horiek betetzen ditu.
Herriz herriko intzidentzia tasa (eguneratuta):
- Amoroto: 240,96 (240 puntu inguru jaitsi da)
- Aulesti: 898,20 (=)
- Berriatua: 477,33 (ia 80 puntu igo da)
- Etxebarria: 134,23 (=)
- Gizaburuaga: 0 (=)
- Ispaster: 0 (=)
- Lekeitio: 124,53 (=)
- Markina-Xemein: 338,31 (20 puntu inguru igo da)
- Mendexa: 0 (=)
- Munitibar: 0 (=)
- Mutriku: 118,18 (ia 20 puntu igo da)
- Ondarroa: 875,45 (90 puntu inguru igo da)
- Ziortza-Bolibar: 227,79 (=)
Lurraldeak. Arabak 371,58ko tasa dauka (ia 15 puntu igo da), 268,75koa Bizkaiak (ia 8 puntu igo da) eta Gipuzkoak 286,21koa (ia 13 puntu igo da).