Etxebarriak eguzki energia fotovoltaikoaren alde egingo du
Kooperatiba moduan funtzionatuko duen eguzki energia parke bat jarriko dute udalerrian. Ekiolaren baitan osatuko den Bizkaiko lehen proiektua izango da Etxebarrikoa.
Etxebarriko Udalak eta Ekiola Energia Sustapena sozietateak Etxebarrian eguzki energia parke bat ezartzeko hitzarmena sinatuko dute datozen egunetan. Izaera kooperatiboa izango duen proiektua izango da. Eredu publiko komunitario bidez, plaka fotovoltaikoak jarriko dira udalerrian 400-600 familia ingururen energia beharrei erantzuteko. Herritar kooperatibistak izango dira sortzen duten energiaren jabe; herritarrek sortu, sustatu eta kontsumituko dute.
Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkateak jakitera eman duenez, eguzki plakak ezartzeko lur eremuak aztertzen ari dira eguzki parkea non jarriko duten erabakitzeko. Azaldu duenez, 400-600 etxebizitzentzako beste argindar sortuko du parkeak, eta beraz, etxebarritarrez gain, eskualdeko bizilagun gehiagok parte hartu ahalko dute proiektuan: “energia berriztagarria sortzen duten kooperatiba bat eratuko da, eta bizilagunek, parte aktiboa hartuko dute eguzki energia fotovoltaikoa sortzeko erabakietan. 1 MW potentzia duen eguzki parkea izango da, eta hurbileko familientzako energia sortuko du”.
Ekiola sozietatea Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldeko Krean erakundeak sortutako egitasmoa da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan zein eskualdeetan energia arloko kooperatibak bultzatzeko. Horrelako proiektuekin hasita daude Gipuzkoan eta Etxebarrikoa Bizkaiko lehenengoa izango da.