Irantzu Gallastegi preso mutrikuarra Estremerako kartzelara lekualdatuko dute
Xabier Garcia Gaztelurekin batera lekualdatuko dute. Mugimendu bi horiek eta aurretik iragarritakoak egin ostean, Huelvako espetxean ez da euskal preso politikorik geratuko.
Espainiako Espetxe Erakundeek gaur [martxoak 31] jakinarazi dutenez, beste bost euskal preso lekualdatuko dituzte: horitako bat Euskal Herriratu egingo dute, beste bi hurbildu eta beste bi lekualdatu. Azken bi horien artean dago Irantzu Gallastegi Sodupe preso mutrikuarra; gaur egun Huelva II (Andaluzia, Espainia) espetxean dago, Mutrikutik 1.000 kilometrora, eta Estremerara (Madril, Espainia) lekualdatuko dute, etxetik 485 bat kilometrora.
Preso mutrikuarra 2005eko ekainaren 14an espetxeratu zuten eta 2024ko azaroan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Espainiako Espetxe Erakundeek jakitera eman dutenez, Huelvako Tratamendu Batzordeak proposatuta erabaki dute Madril VII (Estremera) espetxera lekualdatzea.
Gallastegirekin batera Huelvako espetxetik Estremerara mugituko dute Xabier Garcia Gaztelu ere; Huelvako espetxean lekualdatzeko zeuden azken bi euskal presoak dira. Gaur egun, beste bi euskal presok ere jarraitzen dute espetxe berean, baina haien hurbilketak aurretik iragarri zituzten, nahiz eta oraindik egiteke egon. Angel Lopez Anta, Aitor Olaizola Baseta eta Xabier Zabalo Beitia ere espetxez lekualdatuko dituzte. Lopez Anta Euskal Herriratu egingo dute: Mansillako espetxetik Zaballakora ekarriko dute. Olaizola, berriz, Dueñasko kartzelatik Logroñora hurbilduko dute eta Zabalo ere Logroñora hurreratu dute, Valladolidetik.