Itzuliak aldaketak eragingo ditu Ondarroako zirkulazioan eta aparkalekuetan
Zaldupe zelaiaren aurretik hasi eta Zaldupe eskolaren atzera bitartean dauden ibilgailu guztiak kendu beharko dira, eta Txalet Monika paretik Dronge parera ere ezingo da errepide bazterrean aparkatu.
Euskal Herriko Itzulia Ondarroara ailegatuko da apirilaren 9an eta 10ean, eta horrek eragina edukiko du herriko hainbat puntutan. Zaldupe izango da lasterketako puntu garrantzitsuena, eta horrek inguruko aparkalekuak modaltzea ekarriko du. Helmuga puntuko eta telebistaren muntaketak lanak egin ahal izateko, esaterako, fultbol zelaiaren aurretik hasi eta Zaldupe eskolaren atzera bitartean dauden ibilgailu guztiak kenduta egon beharko dira apirilaren 8ko 20:00etarako. Artabiden ere, Txalet Monikatik hasi Dronge parera ezingo da errepide bazterrean aparkatu apirilaren 9ko 08:00etatik 16:30era.
Zaldupe atzeko aparkalekuan, ostera, aparkatzeko aukera egongo da, baina erditik atzera markatuta egongo den eremuan. “Gainerako eremua antolakuntzarentzako izango da, ibilgailuak eta beharrezko materiala bertan uzteko”. Zaldupe atzeko aparkalekuan ibilgailua lagatzen dutenek ezingo dute bertatik atera lasterketa martxan dagoen bitartean: apirilaren 9ko eguerditik 18:00ak aldera arte (azken txirrindularia helmugaratu arte) eta apirilaren 10eko goizetik 15:00ak arte.
Aparkalekuak kenduko direla kontuan hartuta, udalak aparkaleku alternatiboak prestatu ditu. Esan dutenez, “ez da ohikoa baino aparkaleku gutxiago” egongo. Ondarroako Institutuko jolastokiaren atzealdean eta Zubi Zahar herri ikastolaren jolastokian aparkatzeko aukera egongo da apirilaren 8ko eguerditik apirilaren 11ko eguerdira. Zaldupe eskolako jolastokia, ostera, itxita egongo da jendearentzat, antolakuntzak bertan muntatuko duelako azpiegituraren zati bat.
Antolakuntzaren autobusak, saihesbidean. Itzulian parte hartuko duten talden autobusak saihesbidean egongo dira kokatuta, albo batean. Horrek apirilaren 9an arratsaldean eta apirilaren 10ean goizean bypass bat sortu beharra ekarriko du. Mutrikutik datozen autoan saihesbidetik igaroko dira baina Berriatutik datozenak, ostera, Kamiñazpitik sartu eta Zubi Barritik aterako dira, Zaldupeko gunea saihesteko.
Itzuliaren 5. eta 6. etapek herri barrutik egingo duten ibilbidean bigarren ilaran autorik ez egotea ere oso garrantzitsua dela nabarmendu du Udaltzaingoak. “Bereziki puntu kritikoenetan egongo dira udaltzainak, Artabiden eta Antiguako Ama kaleetan, esaterako, bigarren ilaran autorik egon ez dadin”.
Antolakuntzak gogorarazi duenez, ikuslerik gabeko kirol ikuskizuna izango da; mezu horregaz bat egin dute Aurrera Kirol Elkarteak eta Ondarroako Udalak ere. “Egun herriak zelako egoera duen ikusirik oso garrantzitsua izango da lasterketa telebistaz edota balkoietatik jarraitzea, herriko kale ertzetan eta helmuga inguruan jende pilaketarik ez egoteko”. Ohartarazi dutenez, helmuga puntura ere ezingo da publikorik sartu, “antolakuntzak ipiniko du muga non egongo den Zaldupeko eremuan”.