Maskarak hondartzetan, paseorako
Hondartzetan maskara derrigorrez erabiltzeko legea kaleratu zuen BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak joan den astean, eta horrek hautsak harrotu zituen hainbat erkidegotan. Arau hori mahai gainean egon zen apirilaren 7an Espainiako Osasun Sistemaren Lurraldearteko Batzordean. Bilera horretara araua malgutzeko edo zuzentzeko proposamen bat eraman zuen Carolina Darias Espainiako Osasun Ministroak. Zehazki, proposatu zuen hondartzetan eta igerilekuetan maskara erabiltzeko betebeharra soilik egotea paseoan ibiltzeko eta segurtasun tartea mantentzerik ez dagoenean. Osasun ministerioak landutako zirriborroaren arabera, maskara ez da beharrezkoa izango kirola egiteko edo egonean egoteko.