Artisau arrantzari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Mutrikun
Udal Garapen Sailak antolatuta, jardunaldiak eguaztenean [apirilak 14] eta eguenean [apirilak 15] egingo dituzte, "elikadura burujabetzaren aldeko lanketa egin eta herrian ematen den arrantza mota hau mutrikuarrei gerturatzeko".
Udal Garapen sailetik azpimarratu dutenez, elikadura burujabetzaren aldeko apustua egin dute. Hor kokatzen dira udalak estreinako antolatu dituen jardunaldiak ere: “lehen pausoa artisau arrantzari buruzko jardunaldi hauek izango dira”. Gaineratu dutenez, etorkizunera begira nekazaritzari zein arrantzari buruzko lanketa ezberdinak egitea aurreikusten dute.
Jardunaldiei hasiera Ondarroa 12 milia elkarteak gauzatu duen Itsasoiko proiektuaren aurkezpenarekin emango diote eguaztenean; proiektuaren aurkezpena Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo dute, 12:00etatik aurrera. Ondarroa 12 miliak Bizilur eta kostaldeko herri ezberdinen laguntza eduki du proiektua gauzatzeko, tartean, Mutrikuko Udalarena ere. Aurkezpenean Leo Belaustegi Ondarroa 12 miliako kideak eta Aitor Itza Garapen zinegotziak parte hartuko dute.
Hitzaldietan parte hartzeko gonbidapena beharko da nahitaez
Eguenean, berriz, artisau arrantzari buruzko hitzaldiei tartea egingo diete. Hitzaldiak Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan eskainiko dituzte, 19:00etatik aurrera. Alde batetik, Eskadiko artisau arrantzaren ezaugarritzea, ikuspuntu ekosistemiko batetik abiatuz izeneko solasaldia eskainiko du Estanis Mugerza Aztiko teknikariak; Aztitik eginiko azterketa ezberdinei buruzko informazio nahiz ondorioak aurkeztuko ditu.
Bestetik, Eguneko artisau arrantza, portutik herritarren saskira berbaldia eskainiko dute Bizilurreko David Lopategik eta Ondarroa 12 milia elkarteko Aitor Leizak. “Hitzaldi honek eguneko artisau arrantza portutik herritarren erosketa saskira eramatearen garrantzia azpimarratuko du, bertako produktuen kontsumoari bultzada emateko helburuarekin eta landu duten Itsasoiko proiektuari buruzko informazioa ere zabalduko dute”.
Egungo osasun larrialdi egoeraren ondorioz, Zabiel kultur etxean egingo diren hitzaldiek aforo mugatua edukiko dute; aurretik gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa izango da. Gonbidapenak Turismo Bulegoan edo Internetez lortu daitezke, Mutrikuko Udalaren webgunean.