Berdintasunerako I. Plana diseinatzen hasiko dira Aulestin
Apirilaren 30ean aurkezpen saioa egingo dute udal aretoan, herritarrei prozesuaren berri emateko eta zalantzak argitu edota ekarpenak jasotzeko. Prozesuaren ondorioz egiten den Plana lau urtez egongo da indarrean.
2016. urtera arte Lea Ibarrako Mankomunitatearen Bedintasun Plana eduki dute gida orri modura Aulestin. Plan hori, baina, 2016. urtera artekoa zen, eta orduz geroztik Berdintasunerako Planik gabe egon dira, nahiz eta alor horretan lanean jarraitu duten. Orain, Aulestiko Udalak Berdintasunerako I. Plana diseinatzeko prozesua martxan jarriko du. “Berdintasunaren aldeko lana bertatik bertara egiteko apustua egin nahi dugu”.
Azaldu dute prozesua herriaren errealitatea oinarri bezala hartuta eta udalak dituen baliabideak aintza hartuta abiatuko dutela, “datozen urteetarako urratsak modu ordenatuan antolatzeko”. Bide horretan, orain arte egindako lana aztertu eta egun herriaren beharrak zeintzuk diren aztertzeko prozesuan dihardutela diote. “Azken urteetako lana ebaluatzeaz eta herrian dauden erronkak berdintasunaren ikuspegitik zeintzuk diren identifikatzeaz gain, prozesu horren emaitza hurrengo lau urteetarako gidalerro izango dugun Plana diseinatzea izango da”.
Prozesua parte hartzailea izatea nahi dute, “udal barruko zein kanpoko eragileekin elkartu eta Plana udalerriaren errealitatera ahalik eta gehien egokitu dadin”. Aurreratu dute, hori lortze aldera, elkarrizketak, lan saio irekiak eta beste hainbat ekimen egingo dituztela, “ahalik eta ikuspegi gehien jaso ahal izateko”. Prozesua garatzeko Elhuyarren aholkularitza tekniko eta metodologikoa edukiko dute.
Eta herritarrei horren guztiaren berri emateko, apirilaren 30ean aurkezpen saioa egingo dute udal aretoan, 18:30ean. Saio horretan prozesuaren inguruko xehetasun gehiago emango dituztela eta parte hartzen duten guztiek zalantzak argitzeko edota ekarpenak egiteko aukera edukiko dutela gaineratu dute.