Gas naturaleko galdarak jarri ditu Markina-Xemeingo Udalak frontoian eta kultur aretoan
Galdara berriekin CO2 isuriak %20 gutxituko direla diote. Guztira, 89.651,46 euroko kostua eduki dute lanek.
Gasoleoa alboratu eta gas naturaleko galdarak jarri ditu Markina-Xemeingo Udalak Uni Frontoian eta Kultur aretoan. Giroa-Veolia enpresak egin ditu lanak. Azaldu dutenez, aldaketa horregaz %20ko murrizketa lortuko da CO2 edo karbono dioxido isurietan. «Europako araudiak 2030. urterako energia eraginkortasuna hobetzeko hainbat helburu finkatu ditu, eta horien artean dago CO2 isurien murriztea. Beraz, Udalaren inbertsio hau norabide horretan emandako urratsa da».
Guztira, 89.651,46 euroko kostua eduki dute lanek: frontoiko galdarak 53.728,03 euro, eta kultur aretokoak 35.923,43 euro. Lanak aurrera eramateko, baina, Bizkaiko Foru Aldundiaren 64.011,13 euroko diru laguntza eduki dute, lanen kostu osoaren %60.
Udala Energia Plana garatzen ari da Barrizar enpresagaz, eta plan horrek Europako Batasunak finkatutako helburuak betetzea eta energiaren alorrean datozen 20 urteetarako ibilbidea zehaztea duela helburu azpimarratu dute. «Besteak beste, CO2 isuriak murrizten jarraitzeko hartu beharreko norabidea finkatzeko balioko du Markina-Xemeingo I. Energia Planak». Plan hori garatzeko herritarren iritzia jaso dute, etxez-etxe banatu dituen galdetegien bitartez. «Besteak beste, klima aldaketaren eta energia berriztagarrien inguruan herritarrek daukaten iritzia jaso da galdeketaren bitartez».