Hidrogenoa ekoizteko lehen mintz erreaktorea garatu dute Markina-Xemeinen
Kontsumitzaile txiki eta ertainentzat purutasun handiko hidrogenoa eskala industrialean eta kostu baxuan ekoizten duen lehen erreaktorea da. TECNALIAk eta H2SITEk merkaturatu dute.
Hidrogenoa garraiatu beharrean lekuan bertan ekoitziko duen lehen erreaktorea aurkeztu dute Markina-Xemeinen. Kontsumitzaile txiki eta ertainentzat purutasun handiko hidrogenoa eskala industrialean eta kostu baxuan ekoizten duen lehen erreaktorea da. Teknologia, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, ENGIE Frantziako enpresak eta Eindhovengo Unibertsitateak (TUe) elkarlanean sortu zuten H2SITE enpresak garatu du eta prozesuen areagotzean oinarritzen da: mintz-erreaktore aurreratuak erabiltzen ditu, hidrogenoa ekoizteko prozesuaren eraginkortasuna maximizatzen du, eta baliabideak (energia, tokia, lehengaiak…) minimizatu.
Lea-Artibai Berrikuntza Gunean, Azaro fundazioaren haztegian garatu dute teknologia berritzailea, eta hori ezagutzen egon ziren atzo [apirilak 12] Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatua, Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari nagusia, Olatz Goitia BEAZeko zuzendaria, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria, Noelia Barruetabeña Lea-Artibaiko zuzendaria, Ainhoa Arrizubieta Azaro Fundazioko zuzendaria, Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatea eta Azaro eta H2SITEko teknikariak Iñaki San Sebastian TECNALIAko zuzendari exekutiboaren eta Andres Galnares H2SITEko zuzendari exekutiboaren laguntzagaz.
Azaldu zutenez, hidrogenoa funtsezko elementua da etorkizun hurbilean energia, industria eta mugikortasuna karbonoz gutxitzeko, eta, beraz, karbono gutxiko ekonomia lortzeko beharrezkoa den trantsizio energetikoa bizkortzeko ere bai.
Hidrogenoaren erabilera oso hedatuta dago industrian, baina haren ekoizpenaren jatorria ez da berriztagarria, eta, instalazio zentralizatu handietan gas naturala eraldatuta lortzen denez, hidrogenoa konprimatu eta erabilera puntuetara garraiatzeak kostu handiak ditu, bai ekonomikoak, bai ingurumenekoak. Hidrogenoa eskala handian eta era jasangarrian sortzea da, beraz, erronka, eta proposamen hori dakar H2SITEk.
Gainera, H2SITE mintzak fabrikatzeko instalazioa eraikitzen ere ari da Loiun. Munduan bakarra da instalazio hori, eta hidrogenoa ekoizteko erreaktoreak fabrikatzeko erabiltzen diren mintzak modu industrialean ekoitziko ditu. H2SITEkmintz-erreaktoreen bidezko teknologia esklusiboa dauka; elektrolisiaren ordezko aukera bat lehengai batzuk hidrogeno bihurtzeko (adibidez, amoniakoa, bioetanola, biometanola eta biogasa).