Alzheimerrari buruzko 'Nebraska' filma proiektatuko dute Mutrikun
Filma domekan proiektatuko dute, Zabiel kultur etxean. Doako gonbidapenak Internet bidez eskuratu behar dira.
Mutrikuko Zine Forum taldeak gai sozialei buruz antolatu duen zikloaren barruan, Nebraska filma proiektatuko dute domekan [apirilak 18], Mutrikuko Zabiel kultur etxeko proiekzio aretoan. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, AFAGI Gipuzkoako Alzheimerdunen eta besteko dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkarteko Felix Peña mutrikuarra ere gonbidatu dute saiora; gaiari buruz hitz egiteko solasaldi bat eskainiko du 110 minutuko zuri-beltzeko filmaren proiekzioaren ondoren.
Filma ikusteko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Internet bidez; doako gonbidapenak honako loturan daude eskuragai. Aforo kontuagatik, gonbidapen kopurua mugatuta dagoela azpimarratu dute antolatzaileek. “Emanaldira joan ahal izateko, gonbidatuen zerrendan egon beharko da. Pertsona bakoitzak, gehienez, bi gonbidapen eskuratzeko aukera edukiko du. Gonbidapena dutenek ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago eserita egon beharko dute. Edukiera betetzen ez bada, momentuan sartzeko aukera egongo da”.