Euskal Zine Bilerak formatu fisiko zein digitalaren aldeko apustua egingo du
Ohikoa den formatu fisikoa berreskuratzeko ahalegina egingo dute, iazko Internet bidezko jaialdiaren alde batzuk mantenduz. Azaroaren 20tik 28ra bitartean ospatuko da aurtengo jaialdia.
Jaialdia formatu fisikora itzultzeko ahalegina egingo du aurten 44. Euskal Zine Bilerak. Ikusleak berriro ere zinema aretora erakarri nahi dituztela jakitera eman dute, segurtasun neurri guztiak bete eta kalitatezko jaialdia eskainiz. “Azken urteetan egin den antzera, euskal ikus entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten jarraituko dute 44. edizioan”, adierazi dute.
Hala ere, iazko jaialdiak alde positibo asko utzi zituela esan dute, eta elementu batzuk mantenduko dituzte. Zinebileraren orrialdean jaialdiko hainbat eduki egongo dira ikusgai, besteak beste, lehiaketara aurkezten diren lanak. “Osasun egoera zein nahi dela ere, asko dira jaialdiak irauten duen bitartean Lekeitiora etorri ezin direnak eta, hori kontuan izanik, haientzako edukiak prestatuko dira gure web orrialdetik ikusi ahal izateko”.
Jaialdiaren data ere iragarri dute. Azaroaren 20tik 28ra bitartean ospatuko da aurten Euskal Zine Bilera, eta bere lehiaketan parte hartu nahi dutenek irailaren 8ra arte edukiko dute aukera zabalik.
Lehiaketa formatu fisiko zein digitalean egingo dela aurreratu dute jaialdiko arduradunek: “Lehentasuna ikusgarri aretoko proiekzioei emango bazaio ere, Zinebileraren orrialdearen bidez lanak ikusteko eta bozkatzeko aukera egongo da”. Lehiaketaren oinarriak ere bertan aurkituko dituzte sortzaileek. “Aurkezten diren lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuagaz, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik”, zehaztu dute.
Bestalde, iaz hasitako bideagaz jarraituz, Euskal Zine Bilerak eta Zinegoak festibalak elkarlana bultzatzen jarraituko dute. Horren ondorioz, apirilaren 23an, 19:00etan, Zinegoakeko film esanguratsuenak eskainiko dituzte Lekeitioko Ikusgarri aretoan ZG Hedapena saioan.