Iñigito Txapelpunkek ‘Ipuin hunkigarriak’-en aurrerapen bideoa argitaratu du
Aurreratu du 'E.H. Magikoa' bildumaren bigarren ipuina maiatzaren lehen astean argitaratuko dutela.
Iazko udazkenean E.H. Magikoa bildumaren lehen liburua (Gabonetako ipuinak) argitaratu eta gero, Iñigito Txapelpunkek iragarri du bilduma horretako bigarren liburua (Ipuin hunkigarriak) maiatzaren lehen astean argitaratuko dutela. Horren aurrerapen modura, baina, bideoklip bat argitaratu dute asteon: Mendexakua.
“Mendexakua E.H. Magikoan ospatzen den Sudur Gorri Kopa haurrentzako futbol txapelketarik mediatikoenaren final handiaren irrati-ilustratu-kantatutako emanaldia jasotzen duen bideoklip itxurako aurrerapen txiki bat da”, azaldu du Iñigitok.
Bideo horretan, Mendexakua eta Filotonia taldeen arteko finala kontatzen dute Haritz Gallastegik eta Angel Garinato Ondarru-k. Horrez gain, UFOren ilustrazioak ikusi daitezke eta Iñigitok eta Maria Redondok abestu egiten dute. Sari banaketa, ostera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek egiten dute. “Partidu hori jokatzen duten neskatoek mezu garrantzitsu bat helarazten digute, eta Ipuin hunkigarriak liburua argitaratzen denean –maiatzaren lehen astea– jakingo duzue zein den mezu hori”.