Iñigo Etxebarrieta Urrutxua: "Kontzertuak modu seguruan egin ahal izatea lortu du sektoreak"
Gernika-lumotarrak dio murrizketekin eta ordutegi eta batez ere aforoagatik oso gaitza dela kontzertuak normal egitea eta errentagarriak izatea. Laguntza publikoen beharra azpimarratu du.
Iaz zertan harrapatu zintuen alarma egoerak?
Extremoduroren agur bira prestatzen, entseguekin eta birako produkzioan buru-belarri. Maiatzean hasita, kontzertu oso-oso handiak ziren, 30.000 pertsonakoak, 65.000koa Sevillan. Bestalde, Gatiburen 20. urteurreneko kontzertua genuen aurreikusita martxoaren 28rako, eta hori prestatzen ere bagebiltzan. Kontzertu berezia zen, beste formatu batekoa. Apustu handia zen taldearentzat.
Zer gertatuko da horiekaz?
Noiz egin ahal izango ditugun zain gaude. Extremodurorena urri bueltara atzeratu zen, eta gero aurtengo maiatzera, baina ematen du ezingo dela egin. Gatiburena azarora pasatu da, eta ea zer pasatzen den. Extremodurorena aurten seguru ezingo dela egin, arazoak dituelako. Hamabost kontzertu iragarri eta 24 ordutan 300.000 sarreratik gora saldu ziren. Ez da hain erraza kontzertu horiei formatu txikiagoa ematea. Ezin dira 100 kontzertu egin jende horrek denak orain dauden baldintzetan ikusi behar izateko.
Argi apur bat ikusten ari zarete?
Nekea nabaria da. Luze doa, gogor eta, batez ere, desberdin. Gauza positiboak ikusi behar dira, sektorea mobilizatzen ari da, eta ikasiko dugu honetatik ere. Arazoa da dauden murrizketekin, bai ordutegi eta batez ere aforoagatik oso gaitza dela kontzertuak normal egitea eta errentagarriak izatea euren kabuz. Laguntza publikoak behar dira, instituzioen aldetik edo beste sektore batzuen aldetik. 100 pertsonako kontzertuak eginda, ezin zaie langile guztiei ordaindu. Askotan ezinezkoa da lantalde osoa joatea. Nik zortea daukat, Gatibugaz bagabiltzalako kontzertuak egiten, formatu txikiagoetan. Ni joaten naiz, baina beste lankideak ez. Gauzak ez daude ondo, baina ikusita beste batzuk zelan dauden, ez nago kexatzeko moduan. Sektorean beste batzuk txarrago pasatzen ari dira.
Diskoak grabatzeko arazo edo oztopo gehiago dituzue?
Orain egoera normalizatu da, ez dira konfinamenduko baldintzak. Konfinamendua Gernikan estudio berria egokitzeko baliatu nuen. Bertan Era Bateraren diskoa grabatu dugu, eta beste pare bat proiektu. Era Baterak abesti bat grabatu zuen itxialdian etxean, eta nik nahasketa egin nuen. Gero, neurriak malgutzean, estudioan grabatu genuen diskoa, maskarekin eta jende gutxi batuta. Gaur egun dauden baliabide edo bitarteko teknikoekin eta jendeak daukan ezagutzagaz gauza asko egin dira konfinamenduan.
Egungo egoera eta etorkizun hurbila zelan ikusten duzu?
Orain kontzertu gehiago egiten dira. Ezer egitea ezinezkoa zela ematen zuen hasiera batean, baina kontzertuak modu seguruan egin ahal izatea lortu du sektoreak, nahiz eta formatu txikikoak izan eta arazoak eduki. Gauzak egin ahal izateko egonkortasun bat lortu da, eta uste dut hori hobera joango dela. Baina ez da horrenbeste diru irabazten. Ematen duenez, udan jairik ez da egongo, egoera ez da guztiz normalizatuko. Kontzertuak leku txikietan edo aretoetan izango dira, eta ikusiko da kanpoan zelan egiten diren. Orain jendea ohitu da talde bat ikusteko sarrera bat ordaintzera. Doako eta ordainpeko kontzertuak behar dira, biak, baina Euskal Herrian talde bat ikusten joateko ordaintzeko kultura hori falta dugu. Horrela kulturak balioa hartzen du. Uste dut txip aldaketa bat egon ahal dela jendearengan, eta kulturarentzat garrantzitsua da.
Nola moldatu da sektorea?
Berrasmatzen ari da, gauza desberdinak egiten, eta hori ere positiboa da. Streaming-ak indarra hartu du, eta etorkizunera begira uste dut geratzeko etorri dela. Iaz arte oso gutxi egiten ziren. Zuzeneko bat zuzeneko bat da, beti izango da esperientzia bereziagoa, baina streaming bidez gauza indartsuak egin daitezke.
Zelan dago orain sektorea?
Teknikook eta, oro har, kontzertuetan beharrean gabiltzanok ditugun baldintzak oso bereziak dira. Ez dago erregulazio edo lan hitzarmen berezirik, eta sindikatua sortu da. Prozesua ez dut hurbiletik bizi, baina balioan jartzen dut, beharrezkoa da. Eztabaida hori beti egon da, eta uste dut pandemiak azkartu egin duela. Jendea mugitu da, eta borroka bat badago. Uste dut gauzak lortuko direla.
Zelan bizi dituzu egoera berrira moldatutako zuzenekoak?
Sortzaileek, publikoa ze egoeratan egongo den ikusita, kontzertuak moldatu dituzte. Gatibugaz egin ditut kontzertu gehien, eta formatu normalean, talde osoa jotzen, oso gutxi egin ditugu. Era akustikora moldatu dituzte. Hasieran arraroa zen, baina uste dut euren puntua hartu dutela. Kontzertua amaitzean, jendea oso goian dago, beharrizana dauka.
Laguntzak heldu dira?
Autonomo moduan aktibitatea uzteagatik eduki dut laguntza. Laguntza zehatzei dagokienez, orain dela gutxi irten da laguntza bat, aholkulariagaz berba egin dut, eta ematen du laguntza horretan sartzen garela. Orain arte ez dugu eduki babes konkreturik. Badakit kudeaketa gaitza dela, sektore asko daudelako, baina uste dut laguntza zehatzak behar direla.
Bartzelonako Love of Lesbianen kontzertuak zeresana eragin zuen. Ze iritzi duzu?
Proba pilotu horretan 5.000 pertsona sartzea lortu zuten. 1.000 pertsonako multzoetan egon ziren, hesiekin banatuta, euren komunekin, edarietarako lekuekin… Hurbileko jendea eduki dut hor. Kontrola handia zen, oso-oso segurua izan zen, eta joan ziren denek egin behar izan zuten antigeno proba goizean. Sei bat kasu positibo egon ziren, eta horiek ez ziren kontzertura joan. Ostean, 1.500 pertsonari jarraipen berezia egin diete, datuak ateratzeko.
Horrelakorik hemen egitea posible dela uste duzu?
Kontzertu guztietan ezingo da hori egin. Baina garrantzitsua izango da datuak batzea eta ikustea kutsatze maila zein den. Ematen du hasiko garela apurka-apurka kontzertu handiagoak egiten. Nire esperientzian ikusi dut neurriak oso ondo hartzen direla. Horretan lan itzela egiten ari da sektorea. Beldurra hor dago, eta aisialdia da badaezpada kentzen den lehenengoa, ez delako beharrezkoa. Baina kultura benetan da beharrezkoa.