Lea-Artibaiko lau talde daude Bizkaiko Esku Pilota Txapelketaren azken fasean
Asteburuan jokatuko dira finalerdiak. Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko hiru bikote eta Lea Ibarra Motrollo taldeko bat sailkatu dira finalerdietara.
Bizkaiko Txapelketa azken faseetara ailegatzen ari da. Asteburuan jokatuko dira finalerdiak, eta Lea-Artibaiko lau bikote sailkatu dira horretara: Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko hiru bikote eta Lea Ibarra Motrollo taldeko bat.
Barikuan [apirilak 16] eta zapatuan [apirilak 17] edukiko dituzte norgehiagokak. Barikuan, Galdakaoko pilotalekuan jokatuko du Markina-Xemeingo Esku Pilota taldeko nagusien berezi kategoriako bikoteak Lemoaren kontra, 19:00etan. Ordu berean Zeanurin daukate hitzordua, berriz, Lea Ibarra Motrollo taldeko gazteek. Olgetan izango dute aurkari.
Zapatuan, berriz, 16:00etan aterako dira Zornotzako kantxara Markina-Xemeingo kadeteen bikote biak. Lagun Onak eta Lezama dituzte aurkari.