Markina-Xemeingo Udalak urruntze politikagaz amaitzeko adierazpena sinatu du
Presoen eskubideak errespetatzeko eskatzen du 2020ko abenduan Euskalduna Jauregian euskal gehiengo politiko eta sindikalaren babesagaz egindako adierazpenak.
Urruntze politikagaz amaitzeko adierazpenari bere babesa agertu dio Markina-Xemeingo Udalak. Luis Egurrola Arakistain (EAJ/PNV) eta Aitor Odiaga Garate (EH Bildu) Markina-Xemeingo Udaleko bi alderdi politikoetako ordezkari eta bozeramaileek 2020ko abenduan Euskalduna Jauregian egindako adierazpena sinatu dute.
Joan den abenduan legea bete dadila eta euskal presoen eskubideak errespeta daitezela eskatu zuten euskal alderdi politiko eta sindikatuek, elkarrekin kaleratu zuten adierazpen batean. Etxerat elkartearen ekimenarekin bat eginez, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos alderdiek, eta ELA, LAB,UGT, CCOO, STEE, ESK, Hiru, Etxalde, EHNE, CGT eta CNT sindikatuek izenpetu zuten agiria.
Adierazpen horrek beste espetxe politika bat beharrezkoa dela adierazten du, “presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena”. Politika berri horrek “presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko” duela dio, eta “adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko diola, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz”.
COVID-19ak eta konfinamenduak espetxeratuentzat dituen ondorioez ere ari da adierazpena. Zentzu horretan, bereziki garrantzitsutzat jotzen dute 2020ko apirilaren 27ko Eusko Jaurlaritzaren proposamena eta ondokoa diona: “Espetxeetako Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluaren arabera, COVID-19 izurritearen ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuagaz, egitasmo orokor bat artikulatu behar da espetxeratu guztiak preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbilduak izan daitezen”.