Mutriku ere gune gorrian sartu da
Azken orduetan 14 kasu erregistratu dituzte Ondarroan eta Mutrikun; gainerako herrietan ez dute kasurik erregistratu. Ondorioz, bi herri horietako intzidentzia tasak igo egin dira. Markina-Xemeingo tasa 80 puntu jaitsi da. Lurraldeetako tasak ere gora egiten jarraitzen dute.
Azken orduetan Ondarroan (10) eta Mutrikun (4) erregistratutako kasuak direla eta, Mutrikuko intzidentzia tasa ia 40 puntu igo da eta, gaur gaurkoz, 432,82ko tasa dauka. Ondarroako tasa ia 60 puntu igo da. Dena dela, nahiz eta Mutrikuk 400dik gorako tasa eduki, Jaurlaritzak 400dik gorako tasa duten herrientzako ezarritako neurri murriztaile bereziak ez dira indarrean sartuko martitzenera arte [apirilak 20]; lehenik astelehenean [apirilak 19] Jaurlaritzak gune gorrian dauden herrien zerrenda eguneratu behar du.
Bestalde, Markina-Xemeingo intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du. Beraz, azken egunetako joera mantenduz gero, litekeena da Jaurlaritzak astelehenean gune gorrian dauden herrien zerrenda eguneratzen duenean, Markina-Xemein zerrenda horretatik kanpo geratzea.
Lurraldeak. Arabak 431,54ko tasa dauka (+3 puntu), Bizkaiak 382,49koa (+11 puntu) eta Gipuzkoak 556,17koa (+22 puntu). Azken egunetako joera mantenduko balitz, litekeena da Bizkaia ere astelehenean [apirilak 19] gune gorrian egotea eta ondorioz martitzenetik aurrera [apirilak 20] perimetralki itxita egotea.
Herriz herriko intzidentzia tasa (eguneratuta):
- Amoroto: 963,86
- Aulesti: 0
- Berriatua: 477,33 (150 puntu inguru jaitsi da)
- Etxebarria: 0
- Gizaburuaga: 1.000
- Ispaster: 134,41
- Lekeitio: 152,21
- Markina-Xemein: 298,51 (80 puntu jaitsi da)
- Mendexa: 0 (atzo 211,86koa zen)
- Munitibar: 218,34
- Mutriku: 432,82 (ia 40 puntu igo da)
- Ondarroa: 992,18 (ia 60 puntu igo da)
- Ziortza-Bolibar: 0