Sabin Foruria-Haitzasko lasterketak Lea-Artibai zeharkatuko du aurten berriro
Zapatuan [apirilak 17] lehiatuko da gizonezkoen afizionatu mailako txirrindulari lasterketa. Protokoloei jarraituta, irteera eta helmuga Xemeingo aparkalekuan egongo dira aurten. Publikorik barik izango dela azpimarratu dute antolatzaileek.
30. Sabin Foruria-Haitzasko Oroimenezkoa gizonezkoen afizionatu mailako txirrindulari lasterketa lehiatuko da zapatuan [apirilak 17] Markina-Xemeinen. Markina-Xemeingo txirrindulari taldeak Euskal Herriko Federazioagaz elkarlanean antolatutako lasterketak Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariak bilduko ditu, eta Abiatzen Torneoaren baitako lasterketa izango da.
Iazko etenaldia eta gero, “gogotsu” daudela adierazi dute Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldekoek. Iaz Markina-Xemeingo lasterketa guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten, baina aurten, ezarritako protokoloei jarraituz, lasterketa antolatzea erabaki dute. “Batez ere txirrindulari gazteengatik antolatzea erabaki dugu, txirrindulari gazteek ere izan dezaten aukera lasterketak egiteko. Lasterketa hauek batzuentzako maila profesionalera jauzia emateko bidea izaten dira. Markina-Xemeingo lasterketetako palmaresa ikustea besterik ez dago, gaur egun profesionaletan daude irabazle gehienak”.
200 txirrindulariko muga izango du lasterketak, eta jakitera eman dutenez, Euskal Herriko taldeek edukiko dute lehentasuna parte hartzerako orduan. Horrez gain, beste protokolo batzuk ere jarraitu beharko dituzte. Horrela, irteera eta helmuga lekuz aldatu dira, herri erdian barik Xemeinen izango dira. Hala ere, lasterketa publikorik barik izango dela azpimarratu dute Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldekoek, eta egun horretan Xemeindik ez igarotzeko eskaera ere egin dute. “Burbuila bat sortuko dugu Xemeinen eta lasterketan parte hartzen dutenak sartu ahalko dira bertara bakarrik. Bidea ere itxi egingo da, eta egun horretan jendeari paseatzeko beste bide batzuk aukeratzea eskatzen diogu”.
Ibilbidea. 15:45ean hasiko den lasterketak eskualde osoa zeharkatuko du, eta zirkulazioan mozketak eragingo dituela ohartarazi dute. Markina-Xemeindik Ziortza Bolibarrera abiatuko da lasterketa eta handik Gontzugaraigana lehenengo mendatea igo eta Munitibarrera joko du. Aulestirantz joango dira txirrindulariak eta handik Oletara, Miloi igo eta Plazakolan zehar Markina-Xemeinera itzultzeko.
Lasterketa amaitzeko beste buelta bat eman beharko dute oraindik txirrindulariek. Markina-Xemeindik Lekoizerantz joango dira Aulestira heldu eta handik Lekeitorako bidea hartzeko. Kostako bidetik jarraituta, Ondarroara ailegatu baino lehen Asterrikako mendatea igo beharko dute, handik Askartzara jaitsi eta Ondarroara heltzeko. Berriro ere kostako bidean zehar Lekeitiora itzuliko dira txirrindulariak eta handik Miloira zuzenduko dira Plazakolatik bueltan Markina-Xemeingo helmugara heltzeko.
“Gomendatzen dugu ahal dela ikustera ez joatea. Ikusi dugu Euskal Herriko Itzulian ere jendea azkenean joan egin dela errepidera, baina ez dela tokatzen esan behar dugu antolakuntzatik. Horrelako ekintza batek daukan aurre antolaketa dena itxuraldatu dezake horrelako argazki batek”. Itzulian egin zuten modura, beraz, txirrindulariak balkoietatik animatzeko deia egin dute.