Aitor Gametxo lekeitiarrak 'Berak baleki' film laburra grabatu du
Zinema zuzendari lekeitiarrak Bilbo eta Leioan grabatu du ikus-entzunezkoa; Goya sariak irabazitako hainbat profesional eduki ditu talde teknikoan.
Aitor Gametxo zinema zuzendari lekeitiarrak Berak baleki film laburra grabatzen amaitu berri du. Gidoia Jorge Gilegaz elkarlanean idatzi du Gametxok, eta, besteak beste, Iñigo Aranburu (Handia, Hil kanpaiak) eta Koldo Olabarri (La línea invisible, El ministerio del tiempo) aktoreak dira ikus-entzunezkoan agertzen direnak.
Sinopsia. Plato bat mihise bat bezalakoa da: irudiz bete behar da. Pasioz. Ametsez. Martinek horretan dihardu egunero, platoa ilusioz betetzen. Aldiz, bere bizitza pertsonalean, hutsunea baino ez du. Estudioko argiak pizten direnean, Martinek gabezia hori ahazten du. Orduan, soilik, magia existitzen da.
Eusko Jaurlaritzak babestuta, Berak baleki Galapan (Ander Barinaga-Rementeria, Iñigo Zubero) eta Sumendi (Ander Sagardoy, Eneko Sagardoy) ekoiztetxeen bigarren elkarlana da. Talde teknikoa ondokoek osatu dute: Jorge Basterretxea (argazki zuzendaria), La trinchera infinita-gatik Soinu Onenaren Goya saria jaso zuen Xanti Salvador (zuzeneko soinua eta soinu diseinua), Akelarre filmagatik Jantzi Diseinu Onenaren Goya saria irabazi zuen Nerea Torrijos (jantzien diseinua), Akelarre filmagatik Musika Onenaren Goya saria jaso zuen Aranzazu Calleja (musika konposizioa), Rakel Blazquez (makillaje eta ileapainketa diseinua) eta Maialen Sarasua Oliden (muntaia).