Beste sei kasu erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun
Azken orduetan Ondarroan (4), Mutrikun (1) eta Lekeition (1) erregistratu dituzte kasuak. Ondarroako intzidentzia tasa bere horretan mantentzen da, eta Mutrikun eta Lekeition igo egin da. Lurraldei dagokienez, hiru lurraldeen intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen dute; Bizkaia gune gorrian sartzear da.
Joera zer edo zer aldatu da. Azken egunetan eguneko hamar kasu baino gehiago erregistratu eta gero, atzo [apirilak 15] 6 positibo erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun: 4 Ondarroan eta bana Lekeition eta Mutrikun. Nahiz eta Ondarroan kasuak erregistratu dituzten, intzidentzia tasa berdin mantendu da (992,18). Mutrikun, aldiz, intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du; atzo [apirilak 15] gune gorrian sartu zen, eta gaur [apirilak 16] beste 20 puntu igo da.
Azken egunetan Lekeitioko intzidentzia tasak beheranzko joerari eutsi badio ere, atzo [apirilak 15] kasu bat erregistratu zutenez, 14 puntu igo da. Dena dela, herriak gune horian egoten jarraitzen du; Lea-Artibai eta Mutriku mailan, 5.000 biztanletik gorako herrien artean egoerarik onenean dagoen herria da. Berriatuko intzidentzia tasak ere behera egiten jarraitzen du, eta datozen egunetan 5 kasu baino gutxiago erregistratzen badituzte, martitzenetik aurrera gune gorritik kanpo geratuko litzateke.
Lurraldeak. Arabak 434,27ko tasa dauka (+3 puntu), Bizkaiak 395,46koa (+13 puntu) eta Gipuzkoak 581,44koa (+25 puntu). Azken egunetako joera mantenduko balitz, litekeena da Bizkaia ere astelehenean [apirilak 19] gune gorrian egotea eta ondorioz martitzenetik aurrera [apirilak 20] perimetralki itxita egotea.
Herriz herriko intzidentzia tasa (eguneratuta):
- Amoroto: 963,86
- Aulesti: 0
- Berriatua: 397,77 (80 puntu inguru jaitsi da)
- Etxebarria: 0
- Gizaburuaga: 1.000
- Ispaster: 134,41
- Lekeitio: 166,04 (14 puntu igo da)
- Markina-Xemein: 298,51
- Mendexa: 0
- Munitibar: 218,34
- Mutriku: 451,64 (ia 20 puntu igo da)
- Ondarroa: 992,18
- Ziortza-Bolibar: 0