11:00etan Itsasaurre plazan egingo dute elkarretaratzea. "Kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa" izango den hezkuntzaren alde mobilizatuko dira ikasleak.
Zerbitzu publikoetan greba deitu dute zenbait sindikatuk eguenerako [apirilak 22], eta Ikasle Abertzaleak antolakundeak ikasleen mobilizazioak deitu ditu egun horretarako; Ondarroako ikasleei 11:00etan Itsasaurre plazan batzeko dei egin diete.
Egungo hezkuntza publikoan “gizarteko kapa pobretuenak kanporatzeko joera gero eta handiagoa” dela iritzita, “kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa” izango den hezkuntzaren alde mobilizatuko dira ikasleak. Zehazki, “langile klasearen hezkuntzarako sarbide unibertsala” izango da aldarrikatuko dutena. Honako eskaerak egingo dituzte:
- Ikas-materialaren eta garraioaren doakotasuna.
- Klase partikularren eta baliabide teknologikoen doakotasuna.
- Kontrol sozialaren eta autoritarismoaren adierazpen guztien deuseztatzea.
Ondarroako deialdia egin modura, IAk Gernika-Lumon ere mobilizazioa deitu du egun horretarako: 11:00etan Gernika-Lumoko institutu aurrean egingo da elkarretaratzea.