Galdu ezinezko hiru hitzordu dakartza Mutrikuko Liburu Asteak
Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da, eta egun hori ardatz hartuta, aurten ere Liburu Astea egingo dute Mutrikun. Bihar [apirilak 21] hasi eta apirilaren 30era bitartera hiru ekintza antolatu dituzte.
Ipuin kontalarien saioekin emango diote hasiera aurtengo egitarauari. Bihar [apirilak 21], 17:00etatik aurrera, Izaskun Mujika herriko haurrei ipuinak kontatzeaz ardurako da. Ipuinen lapikoa izeneko saioa eskainiko du Zabiel kultur etxean. Apirilaren 26an, bestalde, helduentzako kontaketa saioa eskainiko dute leku berean. 18:00etan hasita, Otsandreak korrika saioa eskainiko du Amaia Zinkunegik.
Liburuaren Astea borobiltzeko, Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute apirilaren 27an, Zabiel kultur etxean. 18:00etan hasiko da ekitaldia, baina aurretik Karmele Jaio idazleak hitzaldia eskainiko du. Aitaren etxea lanagatik 2020ko Euskadi Literatura Sariaren irabazleak Literatura sorkuntza izeneko berbaldia eskainiko du.
Egungo osasun larrialdi egoeraren ondorioz, ekintzek aforo mugatua daukate; aurretik doako gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa izango da. Gonbidapenak Mutrikuko Udalaren webgunean eskuratu daitezke. Ekintzekin amaitzeko, apirilaren 30ean, liburutegiko zozketa egingo dute.