'Mi pequeño gran samurai' dokumentala 28 jaialditarako hautatu dute urtebetean
Arantza Ibarra zuzendari ondarrutarraren zintak sei sari eta aipamen berezi ere eskuratu ditu denbora tarte horretan. Iragarri dutenez, zinta beste urtebetez ibiliko da nazioarteko jaialdien zirkuitoan.

Ekai Lersundi ondarrutarraren bizitza jasotzen duen Mi pequeño gran samurai film labur dokumentalak nazioarteko jaialdien zirkuituan bidea egiten jarraitzen du. Arantza Ibarra Basañez zinemagile ondarrutarrak zuzendutako lana iazko Zinegoak jaialdiko sail ofizialean estreinatu zuten, eta orduz geroztik sekulako arrakasta eduki du. Denbora tarte horretan nazioarte mailako beste 27 jaialditarako aukeratu dute eta sei sari eta aipamen berezi ere jaso ditu.
Nazioarte mailan lanak hainbat jaialditan parte hartu badu ere, proiektuaren bultzaitzaileentzat Zinegoak izan da “garrantzitsuena eta bereziena”. “Lana beharbada nazioarte mailan indar edo ospe gehiago duten jaildietarako ere aukeratu dute, baina Zinegoaken hautaketak garrantzi berezia du guretzako. Mi pequeño gran samurai han estreinatu zuten; sekulako oihartzuna eman zioten gure proiektuari, nazioarte mailako ateak irekiz”, nabarmendu du Ana Martinez Ekai Lersundiren amak.
Martinezek iragarri duenez, zinta beste urtebetez ibiliko da nazioarteko jaialdien zirkuitoan. “Duela gutxi arte Banatu banatzailearekin mugitu dugu lana. Harekin kontratua amaitu ostean, Yaq banatzearekin sinatu dugu kontratua, beste urtebeterako. Hilero bateko eta besteko jaialdietan izena ematen jarraitzen dugu; ea zerk irtetzen duen hortik”.
Arantza Ibarrak zuzendutako zinta Internet bidez ikusteko aukera dago egunotan
Hautaketei dagokienez, maiatzean egingo den Berlingo (Alemania) Vierte Welle Festival izeneko jaialdikoa izan da azkena; #Intersectionality deritzon kategorian hautatua izan da zinta. Hile berean, Seatlleko (AEB) Transgender Film Festival delakoan ere parte hartuko du; maiatzaren 6tik 8ra gauzatuko da jaialdia, baina era birtualean. Apirilean, berriz, Japoniako Tokyo International Short Film Festivalerako ere hautatu zuten lana; Lersundiren gurasoei “ilusio berezia” egin zien aukeraketa horrek. “Ekairi asko gustatzen zitzaion Japoniako kultura, eta hango jaialdi baterako lana aukeratua izatea sekulako saria izan da”.
Egunotan, gainera, Kataluniako Impacte! giza eskubideen jaialdian ematen ari dira lana. Domekara [apirilak 25] arte abian dago Internet bidez jaialdia, eta denbora tarte horretan jaialdiaren webgunean izena ematen dutenek zinta ikusteko aukera edukiko dute. “Internet bidez egin diren jaialdi batzuetan lana ikusteko ordaindu egin behar izan da, baina honetan aukeratutako lan guztiak doan ikusteko aukera zabaldu dute”.
Film labur dokumentalak orain arte eduki dituen HAUTAKETAK eta SARIAK:
- 2020ko otsaila:
- Bilboko Zinegoak jaialdiaren sail ofiziala; film labur onenaren publikoaren saria.
- 2020ko martxoa:
- Eurasia International Film Festival (Kazakhstango Errepublika); Dokumental Onenaren Saria, 40 minutu azpitik duten lanen sailean.
- 2020ko uztaila:
- Indiako Cosmo International Film Festival; epaimahaiaren sari berezia.
- Limako (Peru) OutFestPeru Zinema jaialdia.
- Italiako Vesuvius International Film Festival.
- 2020ko abuztua:
- New Yorkeko (AEB) Rainbow Cinema Awards jaialdiko sail ofizialerako eta finalerdietarako hautatua.
- 2020ko iraila:
- Hannoverko (Alemania) Perlen Queer Film Festival; bigarren postua film laburren kategorian.
- Torontoko (Kanada) Film For Peace jaialdia.
- 2020ko urria:
- Valentziako (Herrialde Katalanak) Mostra La Ploma (sexu, identitate eta familia aniztasunari buruzko nazioarteko zinema eta kultura jaialdia); film labur dokumental onenaren saria.
- Tarragonako (Herrialde Katalanak) Psicurt Film Festival.
- Malagako (Espainia) Muestra Mujeres en Escena.
- Madrileko (Espainia) LesGaiCineMad jaialdia.
- 2020ko azaroa:
- Extremadurako (Espainia) FanCineGay LGBT Nazioarteko Jaialdia.
- Granadako (Espainia) Nahia Film Fest (Film Laburren, Sexuaren, Generoaren, Aniztasunaren eta Erotismoaren Nazioarteko Jaialdia).
- 2020ko abendua:
- Napoliko (Italia) Omovies Film Festival; metraje ertaineko film dokumental onenaren saria.
- Ipar Irlandako Sandabar International Film Festival; LGBT film onenerako nominatua.
- Gasteizko Cortada film laburren lehiaketa (Goya sarietarako kalifikatzailea da jaialdia).
- Santo Domingoko (Dominikar Errepublika) Santo Domingo Outfest nazioarteko LGBT jaialdia.
- 2021eko otsaila:
- Indiako Kalaburagi International Short Film Festivaleko sail ofizialerako hautatua; semifinalista.
- Cordobako (Argentina) Amor es Amor nazioarteko LGBT jaialdia, 2021eko otsailean.
- 2021eko martxoa:
- Bartzelonako Sex Education Festival; publikoaren saria Teens Education kategorian.
- 2021eko apirila:
- Calellako (Herrialde Katalanak) Festimage film laburren Torretes sariketa.
- Asturiasko (Espainia) Musoc Gizarte Zinema eta Giza Eskubideen jaialdia.
- Kataluniako Impacte! giza eskubideen jaialdia.
- Tokioko (Japonia) Tokyo International Short Film Festival.
- Lisboako (Portugal) Politica jaialdia.
- 2021eko maiatza:
- Seattleko (AEB) Translations: Seattle Transgender Film Festival Online jaialdia.
- Berlingo (Alemania) Vierte Welle Festival.