Ondarroatik kanpo bizi direnek ere 'Udalbarriak' udal aldizkaria etxean jasotzeko aukera daukate
Zerbitzua doakoa da. Hiruhilabetekaria jasotzeko interesa dutenek posta elektronikoz edo telefonoz egin beharko dute eskaria.

Udalbarriak hiruhilabetekaria paperean edo formatu digitalean doan jasotzeko aukera edukiko dute aurrerantzean herritik kanpo bizi diren herritarrek, horrela nahi baldin badute. Paperezko alea gutun bidez bidaliko dute eta formatu digitalekoa, berriz, posta elektronikoz, PDF formatuan. Udal iturriek iragarri dutenez, eskaera egiten dutenek ekainean jasoko dute hurrengo alea.
Argitalpena etxean jasotzeko interesa dutenek komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita edo udaletxera (94-683 36 72) deituta egin beharko dute eskaria. “Aldizkaria paperean jaso nahi dutenek izen-abizenak eta helbidea osoa (herria, lurraldea, posta kodea…) bidali beharko dituzte. Posta elektronikoz jaso nahi dutenek, ostera, izen-abizenak eta posta elektronikoa”.
Proiektuaren helburua da herritik kanpo bizi diren ondarrutarrek herriagaz lotura edukitzen jarraitzea eta herriko albisteak udaletik “zuzen-zuzenean” jaso ahal izatea. “Asko dira arrazoi desberdinengatik herritik kanpo bizi diren ondarrutarrak: batzuk ikasten, besteak lanean eta beste mila arrazoi. Horiengana ere herriko informazioa zuzenean ailegatzea nahi dugu”.
Udalbarriak Ondarroako Udalak hiru hilabetean behin ateratzen duen paperezko aldizkaria da. Argitalpenean herriko albisteak eta udalaren proiektuak agertzen dira. Horiez gain honakoak ere agertzen dira: hurrengo asteetarako agenda, bi udal taldeen iritziak, herriko taldeen idatziak, herritarren kexa eta iradokixunak eta udaletik horiei emandako erantzunak eta herriko argazkiak.