Sei kolaboratzaile gehiago ditu Geoparkearen entitate laguntzaileen sareak
Zumaiako lau eta Debako bi kolaboratzaile batu dira sarera, honakoak: Zumaiako Flysch Hotela, Surfing Zumaia, Basque Nomads, Basque Destination eta Debako Haundi landetxea eta Zumardi pentsioa.

Geoparkearen entitate laguntzaileen sarea Mutrikuko, Debako eta Zumaiako turismo arloko ostatuek eta entitateek osatzen dute. Sarera batu diren sei kide berriak kontuan hartuta, “lurraldearekiko atxikimenduak eta ingurune sozial eta naturalarekiko konpromisoak batzen dituzten” 23 entitate kolaboratzaile ditu gaur-gaurkoz Geoparkeak.
Gaur [apirilak 21] goizean Mutrikuko Arbe hotelean egindako ekitaldi xume batekin eman diete ongietorria kide berriei. Entitate laguntzaileen konpromisoa eta “zereginak” biltzen dituen atxikimendu adierazpena sinatu dute lehendabizi eta, ondoren, euren establezimenduetan erakutsiko duten plaka bereizgarria jaso dute. Geoparkeak, modu horretara, aitortza egin nahi izan die “kalitatearen eta iraunkortasunaren alde” lanean dihardutenei. “Geoparkea helmuga ekoturistiko gisa kokatzen laguntzen duten aldetik, Geoparkeak elementu bereizgarri bat eskainiko die besteengandik bereizteko”.
Geoparkeak, gainera, laguntzaile diren entitateen informazioarekin atal bat jarri du ikusgai webgunean.