Antxoak Eusko Label etiketa eramango du
Antxoa freskoarentzat erabiliko da, baina Jaurlaritzak ez du baztertzen aurrerago kontserbei eta produktu eraldatuei ere izendapen berezi bat ematea. Hilabete bakarrean aurtengo kuotaren %40,4 harrapatu dute Kantauriko ontzidiek.
Eusko Label produktuen zerrendan sartu dute Bizkaiko Golkoan harrapatutako antxoa, eta hegaluzeari eta hegalaburrari batu zaie arrantza produktuen artean.
Kalitate ziurtagiria eramango duen espeziea Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek hartu ohi duten antxoa izango da, Engraulis encrasicolus espeziekoa. Kostera garaian harrapatutakoa baino ez da aintzat hartuko, hau da, martxoaren 1etik azaroaren 30era bitartean hartutakoa, eta “oso freskotasun ona” sailkapena dutenak baino ez dira onartuko. Horrez gain, kanpoko itxura, azala eta sendotasuna ere kontuan hartuko dira.
Hazik ziurtatuko du Eusko Label bereizgarriaren sinboloekin dendetara iristen diren produktuek Eusko Labelen araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituztela. Erakunde horrek ezarriko ditu horretarako beharrezkotzat jotzen dituen kontrol eta ziurtapen sistemak produktuaren prozesuaren katean, ekoizpenean, kontserbazio eta biltegiratzean, garraioan, ontziraketan, manipulazioan eta merkaturatzean.
Antxoaren kasuan, freskorako baino ez da erabiliko kalitate etiketa, baina atea zabalik utzi dute aurrerago kontserbak eta produktu eraldatuak edo prestatuak ere sartzeko
Antxoa Eusko Label etiketa duen hamaseigarren produktua da. Honako hauek jaso dute aurretik: okela, baserriko arrautza, baserriko oilaskoa, esne bildotsa, txerria, hegaluzea eta hegalaburra, esnea, eztia, Arabako patata, Gernikako piperra, Ibarrako piparra, tomatea, babarruna, letxuga, sagardoa eta oliba olio birjina estra.
Horrez gain, badira eusko label produktuekin ekoitzitako beste batzuk euskal izendapen berezia jasotzen dutenak: ogia, gazta eta txerri eta behi okelarekin egindako batzuk. Antxoaren kasuan, freskorako baino ez da erabiliko da kalitate etiketa, baina atea zabalik utzi dute aurrerago kontserbak eta produktu eraldatuak edo prestatuak ere sartzeko.
Gaur arte, Bizkaiko Golkoko ontzidiek 10,5 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte, kuota osoaren %40,4
Eusko Label antxoaren aurkezpena Getarian egin dute, ostegun honetan. Han izan da Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua. Azpimarratu du Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek «tresna berri bat» izango dutela beren produktuak «ahalik eta baliorik egokienarekin irits daitezen merkatura, eta merkatuan garatzeko aukera gehiagorekin».
Erritmo bizian. Horrez gain, antxoaren aurtengo kosterak orain arte utzitako kopuruak eman dituzte ekitaldian. Martxo amaieran hasi zen, eta dagoeneko Bizkaiko Golkoko ontzidiek 10,5 milioi kilo harrapatu dituzte, kuota osoaren %40,4. Apirilaren erdialdera arte, hiru milioi kilo inguru antxoa deskargatu dira Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan. Azaroaren 30ean amaituko dute kostera, eta 26 milioi kiloko kuota dute guztira. Orain arteko harrapaketen abiadura dela eta, Gipuzkoako eta Bizkaiko ontziek geldialdiak egin behar izan dituzte Bruselak ezarritako arrantza muga modu jasangarriago batean kudeatzeko eta prezioa ez dadin gehiegi jaitsi. Orain arte, 0,87 euroan saldu da batez beste Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan.
Iazko antxoaren kanpaina COVID-19ak baldintzatuta egon zen. Euskal arrantzaleek 6.500 tona baino ez zituzten harrapatu, egun askotan ontzidia geldirik egon zelako, konfinamenduaren ondorioz. Kiloko batez besteko prezioa 1,25 euro izan zen.