Bandera ipini diote antxoari
Bihar [apirilak 23] berdel kuota agortzeke daukaten ontziak itsasoratu ahal izango dira bakarrik. Datorren astean, berriz, Santanderretik Hondarribiarako tartean antxoa arrantzatzea debekatuta egon da.
Bizkaiko, Gipuzkoako, Kantabriako, Asturiasko eta Galiziako baxurako arrantzaleek muga jarri diote euren buruari. Biharko [apirilak 23] berdela bakarrik arrantzatzea adostu dute, eta bandera ezarri dute gainontzeko beste arrain espezieentzat. Neurria, oraingoz, bihar egongo da indarrean, baina kostera amaitu arteko barikuetan ere mantentzea ez dute baztertzen. “Unean uneko egoeraren arabera erabakiko da zer egin”.
Ondarroako Kalare Deuna kofradiako iturriek zehaztu dutenez, berdel kuota geratzen zaien ontziak itsasoratu ahal izango dira bakarrik bihar. “Askok kuota agortuta daukate, eta horiek portuan lotuta geratu beharko dute bestelako lanak aurreratzen”.
Bestelako neurriak ere hartu dituzte kantauriar kostaldeko kofradietako marinelek. Azkenaldian antxoa asko lehorreratu dute eta kostalde osoko bentetan prezio nahikoa apaletan saldu da. Antxoeta ahal bezainbeste luzatzeko nahiagaz eta prezioak gehiago ez amiltzea saihesteko nahiagaz, harrapaketari muga jartzea adostu zuten aurreko astean. Zehazki, bandera ezarri zuten martitzenetik [apirilak 13] barikura [apirilak 16]. “Oro har, tamaina txikiko arraina harrapatu zuten, eta merke ere saldu zenez, bandera ipintzea adostu zen”.
Asteon, aldiz, arrantza guneak murriztea adostu dute. Santanderretik Hondarribiarako tartean antxoa arrantzatzea debekatuta egon da; neurriagaz, itsasontziak tamaina handiagoko antxoa arrantzatzera bultzatu nahi izan dituzte. “Datorren astean ere arrantzarako gune horrek itxita jarraituko du”.