Ikasleak kalera atera dira Ondarroan, hezkuntzarako sarbidearen defentsan
Ikasle Abertzaleak antolakuntzak "larritasun handiagaz" ikusten du langile klasea hezkuntzatik "esponentzialki kanporatuta" izateko arriskua.
Hezkuntza eredu publikoa jasatzen ari den “balio gutxitzea” salatu eta hezkuntza sozialistaren “beharrezkotasuna mahaigaineratzeko” kalera atera dira gaur [apirilak 22] ikasleak. Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, 100 ikasle inguru batu dira goizean Ondarroako Itsasaurre plazan egindako elkarretaratzean. Gaurko mobilizazioari esker, hezkuntzako sarbidearen defentsan beste pauso bat eman dutela azpimarratu dute.
Mobilizazioan batu direnek Langile klasearen hezkuntzarako sarbidea defendatu! leloa zeraman pankarta zabaldu dute Itsasaurren, eta ordu laurdeneko elkarretaratzearen ostean Gora ikasleon borroka, Guztiontzat doako baliabideak, Hezkuntzara sarbidea defendatu eta antzeko oihuak errepikatu dituzte. Amaitzeko, irakurketa egin dute.
Gaurko moduko mobilizazioak ikasleria osoaren hezkuntzarako sarbidea defenditzeko “berebiziko garrantzia” dutela agertu dute. Esan dutenez, geroz eta ikaske gehiago ikasketa prozesutik kanpo geratzen ari da. “Gizarte kapitalista basatiak arrazoi ekonomikoengatik onartzen du ikasle pobreenak ikasketak laga behar izatea, eta horregatik dei egiten diogu ikasleriari antolaratzera eta antolakuntza komunista indartzera. Oinarrian, antolakuntza komunista kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa den hezkuntza eredua lortzeko beharrezkoa baldintza da”.
Gaineratu dutenez, larritasun handiagaz ikusten dute langile klasea hezkuntzatik “esponentzialki kanporatuta” izateko arriskua. Euren iritziz, hezkuntza publikoaren aurkako “eraso” bat ari da ematen, proletarioen eskubide guztiak gutxituz, baita ikastekoa ere. “Ezinbesteko zeregina izango da datozen urte gogorretan hezkuntza eredu publikoa defendatzea, baita gaur egungo hezkuntza eredu burgesa iraultzea ere”.