Lekeitioko Marierrota, etengabe boleibola bultzatzen
Emakumeen boleibolak tradizio luzea dauka Lekeition. Marierrotaren jarduna nagusien taldeagaz hasi bazen ere, urterik urte, maila guztietako kirolariak elkartzea lortu du.
Hamabost urte eta gero, sendo jarraitzen du aurrera bidean Marierrota Boleibol taldeak. Boleibola herrian eta eskualdean zabaltzeko ilusioz hasi zuen ibilbidea Lekeitioko Taldeak 2006 urtean, eta erreferentziazko klubetariko bat izatea lortu dute, bai kirolari kopuru zein kudeaketa ereduari dagokionez.
Berezia da Marierrota. Alde batetik, klubaren kudeaketa jokalari zein entrenatzaileen esku egon da sortu zenetik, horiek osatzen dute zuzendaritza batzordea, eta horien konpromisoa ezinbestekoa izan da taldea aurrera eramateko. Eta bestetik, emakumeak ditu protagonista. Klubaren %90 emakumeak dira, eta taldeetan ere emakumeak dira nagusi, nahiz eta taldeetan mutilen bat edo bestek ere parte hartu. Hala ere, Marierrotak beti ditu ateak zabalik, mutilen taldea ere osatzeko.
Denborak aurrera egin ahala, kluba gero eta handiagoa bihurtu da. Nagusien taldeagaz abiatu ziren, baina, urtez urte, kategoria ezberdinetako kirolariak batzen joan dira Marierrotara. Izan ere, LH5etik aurrera, taldean parte hartzeko aukera dago, adin mugarik barik.
Hiru talde. Gaur egun, Marierrotak hiru talde ditu: txikiena, kadeteena eta nagusiena. Guztira, 38 jokalarik eta hiru entrenatzailek osatzen dute, bi lekeitiarrak eta bat ondarrutarra, eta herriko jokalariez gain, boleibolaz gozatu eta Marierrotako parte izan nahi duen orok dauka aukera parte hartzeko. Aurten, esate baterako, Markina-Xemeingo neska gazteak ere izan dira kadete mailako taldearen parte, eta hori hasiera baino ez izatea espero dute, leku ezberdinetako jendea taldeagaz bat egitera animatzea nahi dute eta.
Nagusien taldea, gainera, erdi-profesionala da. Horrenbestez, Espainiako estatuko bigarren mailan parte hartu du azken urteetan. Maila horretan Euskal Herritik kanpo ere bidaiatu behar dute, asteburu bitik behin. Haro (Errioxa), Laredo (Kantabria) edota Santanderrera (Kantabria) joaten dira besteak beste.
Txapelketa ugari. Irailetik ekainera bitarteko ohiko ligagaz gainera, beste txapelketa batzuetan ere parte hartzen dute. Nazioarteko irteerak antolatzen dituzte bi urtetik behin. Horrela, Portugalen, Austrian edota Katalunian ere egon dira jokalariak.
Gaztetxoek, inguruan antolatzen diren lehiaketetan ere parte hartzen dute, eta gainera, herriko txapelketa mistoak ere antolatzen dituzte, boleibola herrira zabaldu asmoz, hala nola, Gabon Kopa eta Udako Hondartza Txapelketa. Lehiaketa horiek parte hartze handia izateagaz gainera, eskualdeko talde eta jokalariak ere biltzen dituzte. Aurten, baina, egoera berezia izan da denentzat, eta pandemiak ez du aukerarik eman aipatutako ekimenak egin ahal izateko. Hala ere, egoerak hobera egitean, antolatzen jarraitzea dute asmoa.
Proiektu berriak ere badituzte esku artean. Aisialdiko emakume talde bat sortzeko lanean ari dira esate baterako. Egitasmo horren helburua, txapelketetatik kanpo lagun artean boleibolagaz gozatzeko leku bat eskaintzea da, bai eta emakumeentzat kirola egiteko espazio seguru bat sortzea ere. Laster jarriko dute martxan.
Kirola egiteagaz batera, pertsonak hezi eta generazio ezberdinen arteko loturak indartzea helburu duen taldea da Marierrota, eta erronka horregaz jarraitu nahi dute aurrerantzean ere. Horretarako, une honetan, bazkideak bilatzeko kanpainan murgilduta dago taldea, ezinbestekoa dute eta ingurukoen babesa bizirik mantentzeko.
Hala, proiektuagaz bat egin nahi duten norbanako edo enpresek oraintxe dute aukera Marierrotari bultzada emateko. Horretarako zuzendaritza batzordeagaz kontaktuan jarri besterik ez dago (marierrota@ gmail.com). Gonbita luzatu du taldeak: «Izan Marierrota».