Sindikatuen arabera, grebak "oihartzun handia" eduki du
Lekeitioko udaletxe aurreko eskaileratan eta Iturriotz aurrean ere elkarretaratzea egin dute sektore publiko ezberdinetako beharginek. Grebak erantzun handiena hezkuntzan, udaletan eta aldundietan eduki duela azaldu dute sindikatuek.
“Enplegu publiko gehiago eta egonkorra” eskatu dute gaur [apirilak 22] goizean sindikatuek deituta Lekeitioko udaletxe aurrean elkarretaratzean batu diren sektore publikoko beharginek. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako administrazio publikoaren egoera “jasanezina” dela eta sektore publiko osoko greba deitu zuten gaurko sindikatuek, eta sektore ezberdinetakoak, hezkuntza, udal langile, administrazio orokorra… batu dira mobilizazioetara.
Lekeitioko udaletxeko eskailerak bete dituzte beharginek. Horiez gainera, Iturriotz institutu aurrean ere egon dira protestan. Elkarretaratzea egin dute Iturriotzeko langileek ordu berean ikastetxe aurrean eta gero, udaletxea aurrera ere eraman dute protesta. Azken horretan, Iturriotz Institutuko eta Lekeitioko Eskolako irakasleak egon dira. Horiez gain, arratsaldean ere mobilizazioak egongo dira Lekeition. 19:00etan era elkarretaratzea deituta dago udaletxe aurrean.
Azaldu dutenez, sektore publikoetako milaka langile egoera ezegonkorrean mantentzen dira urte luzez, eta horren aurrean kontsolidazio lege propio bat eskatzen dute, “behin behineko kontratazioaren abusua sufritzen duten langile guztien egoera egonkortzeko”.
Salatu dutenez, langile asko lanpostuen zerrendetan existitzen ez diren lanpostuetan ari dira lanean: “Agintariek ezkutuan mantendu nahi dituzten mila lanpostu daude administrazio publikoetan”. Eta lanpostu horiek egiturazkoak bihurtzea da langileen eskaera. Baita pribatizazioagaz eta lanpostuen behin-behinekotasunagaz amaitzea eta erretiroa errazteko neurriak hartzea ere. “Administrazioetan dauden kudeatzaileek beste interes batzuk dituzte, eta ez dute proposamen egokirik egiten. Eusko Jaurlaritzari lege propioak garatzeko eskatu zaio, Madrilera eta epaitegietara begira egon barik”. Horregaz batera, negoziazio kolektiboa beharrezkotzat jo dute, “ezelako inposizio barik”.
“Arrakasta”. Sindikatuen arabera, grebak «oihartzun handia» eduki du, eta langileek egindako piketeak eta ekintzak ere arrakastatsuak izan dira. Erantzun handiena hezkuntzan, udaletan eta aldundietan izan dela azaldu dute, baita hedabideetan ere. Oraindik publikoak diren bidaiarien garraioaren sektorean jarraipena ere esanguratsua dela esan dute, eta administrazio orokorrean eta justizia-administrazioan, langileen herenaren babesagaz, grebaren jarraipena azken urteetako handienetakoa izan dela gaineratu dute.
Osakidetzan, berriz, %100eko gutxieneko zerbitzuak eman dituzte leku askotan, eta zerbitzu horiek kritikatu dituzte sindikatuek, «gehiegizkoak» izan direla esanez.
Txikiagoak. Jaurlaritzaren iritziz, berriz, datuak bestelakoak dira. Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak emandako datuen arabera, Gobernuko sailetako eta erakunde autonomoetako langileen kasuan, grebaren jarraipena %16,4koa izan da, eta Osakidetzaren kasuan, %2,87koa. Kategorien arabera, hala ere, desberdintasunak egin direla aipatu du: Adibidez, erizainen %2,66k egin du greba, medikuen %1,13k, eta gainerakoetan %4,58k.
Garamendiren esan duenez, hezkuntzan langileen % 29,4k egin du bat lanuztearekin, eta justizian, berriz, % 2,84k. Sailburuak azpimarratu du deialdia sailean hainbat ekimen jorratzen ari diren unean etorri dela, hain zuzen ere, «behin-behinekotasunaren arazoa errotik mozteko eta kontsolidazioan