Urkulluk gutun bat bidali dio Sanchezi, alarma egoera luzatzeko eskatuz
Gogorarazi dio luzatzen ez bada ez dutela edukiko "berme juridikorik" izurria kontrolatzeko murrizketak ezartzeko.
Maiatzaren 9an bukatzen da Espainiako Gobernuak izurria kontrolatzeko neurriak hartzeko ezarritako alarma egoera, eta Iñigo Urkulluk gutun bat bidali dio Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi alarma egoera hori luzatzeko eskatzen. Lehendik ere Jaurlaritzako beste hainbat buruzagirekin batera alarma egoera luzatzearen aldekoak zirela esan zuen, baina orain eskabide ofiziala egin nahi izan du. Adierazi dio Espainiako Gobernuko presidenteari gainerakoan gobernu autonomikoek ez dutela edukiko “berme juridikorik” izurriaren kontrolerako beharrezkoak diren murrizketak ezartzeko.
Lehendakaritzako informazio iturriek azaldu dutenez, Urkulluk gutunari erantsi dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako murrizketak ebazten dituen batzordeko adituek eguenean [apirilak 22] onartutako ebazpena; bertan jartzen du ez dela “egokia” alarma egoera bertan behera uztea, “eraginkorrak” diren hainbat neurri ezartzeko erarik gabe geratuko baitira erakundeak.
Eusko Legebiltzarrean eguenean [apirilak 22] bide eman zioten izurriaren aurkako legea tramitatzeari. EAJ eta PSE-EE ari dira lege hori sustatzen; oposizioa aurka dago. Premiazko bidetik tramitatuko dute legea, eta, beraz, ohiko prozedurarako ezarritako epeak erdira murriztuko dira. Parlamentuko bilkuraldia amaitu baino lehen legea onartzea nahi dute, ekainean. Bitartean, ordea, maiatzaren 9an alarma egoera bertan behera geratzen bada, hainbat astetan neurriak ezartzeko muga handiak egon daitezkeela esaten ari dira Eusko Jaurlaritzako buruzagiak.