Alkolea parean egindako hondar isurketek "haserrea" eragin dute mutrikuarren artean
150 herritar inguruk bestelako neurriak hartzeko eta "herritarren iritzia errespetatzeko" eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzari.
Isurketen aurka zapatuan Mutrikuko Goiko Plazan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Alberto Gorritiberea. Azken urteotan Zumaiako itsasadarrean jasotako hondarrak behin baino gehiagotan hustu dituzte Mutrikuko portuko kanpoko bokalean. Portuko erabiltzaileak eta herritarrak ez datoz bat Alkolea parean egindako isurketarekin, eta Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin “haserre” daudela salatzeko elkarretaratzea egin zuten zapatuan [apirilak 24], Mutrikuko Goiko Plazan.
Puertos, isurketa gehixo ez!!! leloa zeraman pankartaren atzean batu ziren 150 bat herritarrek isurketen aurka bestelako neurriak hartzeko eta “herritarren iritzia errespetatzeko” eskatu zioten Eusko Jaurlaritzako Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzari. Zumaiako Balentziaga ontziolan ekoiztutako hurrengo ontziaren itsasoratzearekin gauza bera gertatu ez dadin, beste aukera bat azter dezala eskatu zioten.
Zapatukoa arazoa bistaratzeko azken asteotan egin duten bigarren mobilizazioa izan zen; baina aurrera begira gehiago egiteko asmoa ere agertu dute. Mobilizazioa herritar talde batek deitu bazuen ere herriko hainbat eragilek babestu zuten, honakoek: Alkolea-Intxirri elkarteak, Kardala akuakultura eskolak, Elenita Berria eta Otero arrantzontziek, Mutriku Arraun Taldeak, Buceo Euskadik, Arkugain elkarteak, Gaztetxeak eta Eguneroko Igeriketa Taldeko kideek.