Isuntzak emaitza onak lortu ditu Espainiako Batel Txapelketan
Kadete mailako emakumeen taldeak bosgarren amaitu du txanda nagusian. Gazte mailako emakumezkoen eta txiki mailako gizonezkoen taldeak bigarren amaitu dute kontsolazio txandan.
Lekeitioko arraun elkarteko harrobiko taldeek emaitza onak lortu dituzte Espainiako 78. Batel Txapelketan. Asteburuan Meirako eta Moañako (Galizia, Espainia) uretan lehiatu den txapelketan parte hartu duen eskualdeko ordezkari bakarra izan da. Guztira, hiru batelek parte hartu dute estropadetan: kadete mailako emakumeen taldea txanda nagusian aritu zen eta gazte mailako emakumezkoen eta txiki mailako gizonezkoen taldeak, berriz, kontsolazio txandan.
Kadete mailako emakumezkoen estropadan podiumetik kanpo geratu ziren lekeitiarrak; bosgarren amaitu zuten, 07 minutu, 56 segundo eta 87 ehunenek marka eginda. Madalen Goitia, Malen Mintegia, Eider Lopez eta Lexuri Zendoia arraunlariak hirugarren postua lortzeko borrokan sartuta ibili ziren Malen Lekerikabeaskoa patroiaren esanetara, baina, azkenean, Robeleirakoek eskuratu zuten brontzea. Bandera Mecos taldeak (07.47,06) eskuratu zuen; Pasai Donibane Koxtapek (07.47,43) eta Robaleirak (07.54,14) osatu zuten podiuma.
Kontsolazio txandan lehiatu zuten bi ontziek ere lan txukuna egin zuten. Txanda nagusian lehiatzeko aukerarik eduki ez bazuten ere, bigarren amaitu zituzten estropadak. Gazte mailan emakumezkoetan Cabana-Ferrol taldeak nagusitasun osoagaz irabazi zuen lehia (10.56,38). Irati Zendoia patroiaren gidaritzapean aritu ziren Leire Cazalis, Katalin Negrete, Katalin Goitia eta Maialen Zenarruzabeitia arraunlariek ia zortzi segundo gehiago behar izan zuten estropada osatzeko; 11 minutu, 4 segundo eta 05 ehuneneko marka egin zuten.
Txiki mailan ere emaitza bera errepikatu zuen gizonezkoen batelak. Orioko taldea nagusitu zen 5 minutu, 7 segundo eta 54 ehuneneko markagaz. Iraia Goikoetxea patroiaren esanetara arraun egin zuten Paul Akarregi, Ander Mandiola, Beñat Jaio eta Ekain Mintegia arraunlariek sei segundo gehiago behar izan zuten estropada burutzeko; 5 minutu, 13 segundo eta 59 ehuneneko marka egin zuten.