Lea-Artibaiko trainerillek garaipenekin hasi dute Bizkaiko liga
Ondarroako absolutu mailako emakumeek eta Isuntzako gazte mailako gizonezkoek bina garaipen lortu dituzte asteburuan.
Batelen denboraldia atzean utzita, asteburuan hasi da Bizkaiko trainerilla liga. Lehen bi jardunaldiak zapatu-domekan [apirilak 24-25] lehiatu zituzten Elantxobeko uretan, eta bertan parte hartu zuten Ondarroako eta Lekeitioko arraunlariek nahikoa emaitza onak eskuratu dituzte.
Zapatuan [apirilak 24] lehiatu zen lehen jardunaldian bost trainerilla uretaratu zituen Ondarroak eta lau Isuntzak. Gazte mailan, emakumezkoetan, Ondarroak bigarren amaitu zuen (20.38,03), Deusturen atzetik. Gizonezkoetan, berriz, Isuntzak lortu zuen garaipena (16.49,84). Ondarroak laugarren (17.45,69) amaitu zuen estropada.
Absolutu mailan, emakumezkoetan, Ondarroa izan zen azkarrena (18.34,09). Gizonezkoetan, berriz, Isuntza Ck (15.25,66) lortu zuen emaitzarik onena; laugarren amaitu zuten. Isuntza Ak bosgarren amaitu (15.27,27) zuen, Ondarru Bk seigarren (15.28,07), Ondarru Ak zortzigarren (15.28,47) eta Isuntza Bk hamargarren (16.07,66) amaitu zuten ligako lehen estropada.
Domekan [apirilak 25] jokatu zen bigarren jardunaldian, aldiz, bezperako trainerilla kopuru bera uretaratu zituzten Ondarroak eta lau Isuntzak; hori bai, ontziak ez zuten aurreko eguneko maila beretan parte hartu. Gazte mailan, emakumezkoetan, ez zen bertoko ordezkaririk egon. Gizonezkoetan, berriz, Isuntzak bigarren garaipena eskuratu zuen (15.36,84). Bezperan egindako moduan, Ondarroak ere laugarren (16.02,51) amaitu zuen estropada.
Absolutu mailan, emakumezkoetan, Ondarroako bi ontzientzat izan ziren lehenengo bi postuak: Ondarru Ak lehen postuan (18.04,11) amaitu zuen eta Ondarru Bk bigarren (18.31,70). Gizonezkoetan, berriz, Isuntza Ak bigarren (15.29,80) amaitu zuen lehia. Ondarru Ak bosgarren (15.47,63), Ondarru Bk zortzigarren (16.10,18), Isuntza Bk bederatzigarren (16.20,90) eta Isuntza Ck hamargarren (16.30,11) amaitu zuten.