Zeinka-Ziarregiko umeen eskolarako garraio eskubidea bermatzeko exijitu diote Hezkuntza Sailari
Aurtengo ikasturtean lau ume eskolako garraio zerbitzu barik geratu dira. Orain, nahiz eta eskaera garaiz egin, Hezkuntza Sailak datorren ikasturterako zortzi umeri ukatu dio zerbitzua. Eskubide hori bermatzeko exijitzeko batu dira gurasoak, Bekobenta eskolako zuzendaritzako kideak eta Ziortza-Bolibarko Udal ordezkariak.
Ziortza-Bolibarko Zeinka-Ziarregi auzoko umeek eskolara joateko duten garraio beharrizanak asetzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari. Izan ere, nahiz eta legeak eskatzen dituen baldintzak bete, Hezkuntza Sailak eskubide hori ukatu die, eta, ondorioz, kontrakorik ezean, datorren ikasturtean zortzi ume zerbitzu hori barik geratuko dira. Eskaera hori, baina, ez dute bakarrik kaltetutako familiek egin. Izan ere, bizi duten errealitatearen aurrean, Markina-Xemeingo Bekobenta eskolako zuzendaritza taldeak eta Ziortza-Bolibarko Udalak ere eskaerarekin bat egin dute.
“2020-2021 ikasturtean Ziortza-Bolibarko lau ume eskolara joateko garraio zerbitzurik gabe geratu ziren; bi ume Zeinka-Ziarregi auzoan bizi dira, bat Ziortza-Bolibarko herrigunean eta azkena Muniozgurenen”, azaldu dute Bekobentako Oizpe guraso elkarteko kideek. Egoera horren aurrean, eskolak laguntza eskatu zion guraso elkarteari, eta gurasoek Delegaritzara deitu zuten. Baina azken horrek ere ezezkoa eman zien. “Esan ziguten hurrengo ikasturterako eskariak ondo egiteko”.
Azaldu dutenez, orain arte Zeinka-Ziarregin bizi diren umeak taxi zerbitzuri esker herrigunera jaitsi eta handik auzora igotzen dira. “Aurtengo ikasturtean bi ume utzi dituzte zerbitzu hori barik. Orain, baina, datorren ikasturtean zortzi ume utziko dituzte zerbitzu hori barik”. Garraio zerbitzurik eduki ezean, umeek argiztapenik ez dagoen eta espaloirik ez daukan errepide batetik jaitsi beharko lukete herrigunera, bi kilometroko bidea eginez. “Gaur egun indarrean dagoen legediak dio eskolarako garraioa kalitatezko hezkuntza bermatzeko ezinbesteko baliabide bat dela, eta hori Hezkuntza Sailak bere gain hartu behar duela. Eskaera egiteko EAEko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuak biltzen dituen baldintza guztiak betetzen ditugu”.
Zuzendaritza taldearen proposamena. Ikasturtea amaitzeko gutxi falta denean, 2021-2022 ikasturterako garraio zerbitzuaren eskaria egin dute alde guztiek, eta haien harridurarako, Hezkuntza Sailak berriro zerbitzu hori ukatu die. “Idatziz ez digute ezer esan, ahoz esan digute ez dutela zerbitzu hori emango”. Egoera horren aurrean, Bekobentako zuzendaritza taldeak proposamen bat egin dio Hezkuntza Sailari: zortzi ume horiei autobus txiki bat jartzea egunero Zeinke-Ziarregitik Ziortza-Bolibarko herrigunera joateko eta berriro auzora itzultzeko. Eta Ziortza-Bolibarko Udalak ere proposamen horrekin bat egin du. “Proposamena zentzuduna iruditzen zaigu. Horretarako baliabideak egon egin behar dute, eskolarako garraioa eskubide bat da eta”.
Gurasoek zzen diote ez dutela aparteko ezer eskatzen, dagokiena baizik. “Eskola publikoko ume guztiek duten eskubide bera eskatzen dugu”
Eskolako zuzendaritzak esan du eskatutako pauso guztiak jarraitu eta bete dituztela, baina ez dutela ikasleen eskubideak bermatzea lortu. “Horregatik, gurasoen eta Ziortza-Bolibarko Udalaren eskaerarekin bat egiten dugu”.
Gurasoek diote eskubide horren urraketaren aurrean agerraldia egitera “behartuta” sentitu direla. “Eskolak berriro ere ezezkoa jaso duenean, gurasoak bilera batera deitu gintuzten, eta arazoari irtenbide bat bilatzeko Ziortza-Bolibarko Udalaren laguntzagaz agerraldi hau egitera behartuta sentitu gara”. Ozen diote ez dutela aparteko ezer eskatzen, dagokiena baizik. “Eskola publikoko ume guztiek duten eskubide bera eskatzen dugu”.
Udal ordezkariek ere Hezkuntza Sailari esan diote “lehenbailehen erantzun positiboa emateko” Bekobentako zuzendaritzak aurkeztutako proposamenari. “Ez dugu onartuko inolaz ere Zeinke Ziarregiko familia hauek dagokien zerbitzu gabe uztea. Lotsagarria iruditzen zaigu herritarren benetako beharrizanei administrazioak murrizketak eginez erantzutea”. Gainera, eskaera IƱaki Orbe Hezkuntzako Lurralde ordezkariari ere egin diote. “Lehenbailehen gurekin eta eskolarekin harremanetan jartzeko eta behar den aurrekontua onartzeko eskatu diogu”.
Udal ordezkariek gaineratu dute herri txikietako eta baserri eremuetako bizitza berez zaila bada, era honetako “erasoek” familia horien bizitza zailago egiten dutela. “Murrizketarik ez! Zeinka-Ziarregiko umeei eskolarako garraioa orain! Herri txikiak bizirik!”.