Ekintzaileei zuzendutako diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute
Lanbidek ekintzaileei laguntzeko abian jarri dituen diru laguntzak Debegesa Garapen Agentziak bideratu eta banatuko ditu Debabarrenan. Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago maiatzaren 14ko 12:00ak arte.
Lanbidek, denetara, 63.000 euro bideratuko ditu eskualdeko ideia eta proiektuetara. Zehazki, 45 diru laguntza banatuko dituzte: horietako 25 enpresa ideia bat garatu nahi duten ekintzaileentzat izango dira eta gainontzeko 20ak, berriz, enpresa proiektu berriak abian jarri nahi dituztenentzat.
Azpimarratu dutenez, langabezian egotea ezinbesteko baldintza izango da diru laguntza eskuratzeko. Diru laguntzen zenbatekoari dagokionez, negozio ideia lantzeko laguntza gehienez ere 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hori %15 handituko da sustatzailea 18-30 urte bitartekoa bada eta beste %15 emakumezkoa bada. “Proiektuen aukeraketa Lanbidek finkatu dituen irizpideen arabera egingo da, aurrekontu kreditua agortu arte”.
Eskaera presentzialki aurkeztu nahi dutenek Debegesaren egoitzara (Azitain Industrialdea 3 bis, Eibar) jo beharko dute. Honakoa da ordutegia: astelehenetik eguenera, 08:00etatik 16:00etara; eta barikuetan, 08:00etatik 15:00etara. Eskaerak posta elektronikoz bidali nahi dutenek, aldiz, ekintzaile@debegesa.eus helbidera bidali beharko dute dokumentazioa. Bete beharreko eskabide orria Debegesaren webgunean dago eskuragarri.
Diru laguntzak bideratzeaz gain, Debegesak aholkularitza eta beharrezkoa duten laguntza eskainiko die ekintzaileei, “euren proiektuak gara ditzaten”. Argibide gehiago eskuratu nahi dutenek 943-82 01 10 telefonora deitu (Ane Iturzaeta) edo ekintzaile@debegesa.eus idatzi dezateke.