Mutrikuko prekarietatea oinarri duen txostena aurkeztuko dute
Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak eguaztenean emango ditu azterketari buruzko xehetasunak. Alor sozialean lanean dabiltzanei saioan parte hartzeko dei berezia egin diete.
Mutrikuko Udalak hala eskatuta, herritarren prekarietate egoerari buruzko txostena egin du Gaindegiak. Azterketaren nondik norakoak eguaztenerako [apirilak 28] antolatu duten saio informatiboan aurkeztuko dituzte. 19:00etan jarri dute hitzordua, Zabiel kultur etxean. Saioa, gainera, Mutrikuko Udalaren Youtube kanalean ere jarraitu ahal izango da zuzenean.
Udal Jendearte Batzordeko kideek iragarri duenez, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak emango ditu egin diren bi txostenei buruzko xehetasunak. Saioaren lehenengo zatian Mutrikuko prekarietataren indize nagusiez ariko da eta, bigarrenean, Gipuzkoako lau herriren jokabidea eta konpromiso maila erakutsiko ditu, “etorkizunean eta ahal den neurrian, Mutrikuko Udalak ere bere egin ditzan”.
Arrazoi desberdinak tarteko, Mutrikun prekarietaten bizi den hainbat herritar dagoela azpimarratu dute batzordeko kideek. “Hori da, behintzat, udalak Gaindegiari eskatutako txostenak adierazten duena. Horren aurrean, udalak hausnarketari ekin dio herriko zenbait talderekin batera, aipatutako diagnostikoa konpartitzeko eta elkarren artean zehazteko hartu beharreko bidea”.
Aurtengo aurrekontuan gaia kontuan eduki dutela adierazi dute. Arlo sozialean lehen zeuden gaiez gain, beste bi ekimen berri ere abiarazi dituzte horrekin lotuta. Batetik, etxeko alokairuak ordaintzeko laguntzak emango dituzte eta, bestetik, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga eta zaborraren eta uraren zerga ordaintzekoak. “Hala ere, txosten horrek dioen moduan, oraindik ere asko dago egiteko”. Hori dela eta, alor sozialean lanean dabiltzanei saio informatiboan parte hartze dei berezia egin diete, “guztien artean ibilbide bat adostu eta 2022ko aurrekontuei begira proposamen bat eraikitzeko”.