Alarma egoera autonomia bakar batzuetan bakarrik ere ezar daiteke
Alarma egoera ez luzatzearen "kezka" bere egiten duela esan du Idoia Mendiak. Hiru lurraldeetako datu epidemiologikoen bilakaera txarra dela eta horrek osasun sisteman eragindako «presioa» agerikoa dela esan du.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak alarma egoera luzatzeaz hitz egin du, Espainiako Gobernuak maiatzaren 9an bertan behera uzteko asmoa baitu, eta horrek ekar ditzakeen ondorioen gaineko kezka agerikoa da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan. Zalantza horiek ulertzen dituela adierazi du Mendiak, baina irtenbide bat egon daitekeela uste du: alarma egoera, beharrezkoa bada, autonomia bakar batzuetan ezartzeko modua egon daiteke.
Iñigo Urkullu lehendakariak behin baino gehiagotan adierazi du alarma egoerarik gabe baliabide egokirik ez duela edukiko Jaurlaritzak izurriaren kontrako prebentzio neurriak ezartzeko. Horregatik, joan den astean gutun bat bidali zion Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, alarma egoera luzatzeko eskatuz. «Kezka» hori bere egiten duela esan du Mendiak, datu epidemiologikoen bilakaera txarra delako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta horrek osasun sisteman eragindako «presioa» agerikoa delako. Baina oraindik alarma egoera beharko den jakiteko itxaron egin behar dela adierazi du: «Izurriak erakutsi digu egoerak azkar aldatzen direla; gaur gaizki gaude, baina bi asteren buruan egoera onean egon gaitezke». Horregatik, maiatzaren 9a hurbildu arte zain egon behar dela esan du, orduan ikusteko zer egin.
Defendatu egin du, gainera, Espainiako Gobernuaren jokabidea. Erkidegoen arabera egoera epidemiologikoa nabarmen aldatzen dela nabarmendu du, eta estatuaren «mapa osoa» aintzat hartu behar duela izurriaren aurkako estrategiak proposatzeko orduan.
Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak gogorarazi du gero eta egun “gutxiago” geratzen direla alarma egoeraren bukaerarako. Espainiako Gobernuari egotzi dio alarma egoera bertan behera utzi nahi izana «udara» begira dagoelako: «Beste lehentasun batzuk ditu orain».