Lea Artibai Rallya ikuslerik barik egingo da aurten
Zapatuan [maiatzak 1] zeharkatuko ditu eskualdeko errepideak, eta 61 autok parte hartuko dute. Bi tarte osatu beharko dituzte parte hartzaileek.
Iaz bertan behera geratu bazen ere, aurten IX. Lea Artibai Rallya antolatzea erabaki dute Kastinparro Racing taldekoek. COVID-19a dela eta, azken momentura arte ez dute jakin rallya antolatzeko aukerarik edukiko zutenik, baina Euskadiko Automobilismo Federazioak baimenak ematen hasiko zela iragarri zuen, eta aurrera egitea erabaki dute. Antolatu ahal izateko, hori bai, neurri zorrotzak bete behar dituzte, horietako bat rallya ikuslerik gabekoa izatea da.
Beraz, ikuslerik barik, baina parte hartze handiagaz zeharkatuko ditu zapatuan [maiatzak 1] IX.Lea Artibai Rallyak eskualdeko errepideak. Aurtengo Euskadiko Txapelketako lehen rallya izango da, eta antolatzaileek esan dutenez, gogotsu egon dira gidariak eta kopilotuak parte hartzeko. Horrela, guztira, 61 autok parte hartuko dute Lea-Artibaiko lehian. Bertokoak dira hainbat –19 gidari eta 18 kopilotu–, baina kanpotik ere badatoz batzuk. Horien artean daude Kantabriako Jonathan Cabo eta Esteban Delgado (Riomontan Al mar motor taldea), Gaztela-Leoiko Jose Ramon Alvarez eta Sara Radio (Team Repauto taldea) eta Asturiasko Marcos Gonzalez eta Luzma Carrandi (Llanes Automovil Club taldea).
[IX. LEA ARTIBAI RALLYEko parte hartzaileen zerrenda]
Tarteak. Aurtengo rallya egun bakarrekoa izango da, eta bi tarte osatu beharko dituzte parte hartzaileek, bata goizean eta bestea arratsaldean. “Denbora gutxi eduki dugu antolatzeko eta, beraz, rally sinpleagoa prestatu dugu”, azaldu dute Kastinparro Racing taldekoek. Hartara, tarte ezagun eta hurrekoak aukeratu dituzte. Horrela, goizean, Urrutxutik Trabakurainoko 22,78 kilometroko tartea –Urrutxua, Munitibar, Ziortza-Bolibar eta Trabakua– osatu beharko dute parte hartzaileek bi bider. Autoen irteerak 08:50 eta 11:27 izango dira. Arratsaldean, ostera, Eibar eta Etxebarria arteko tartea egin beharko dute, 10,86 kilometrokoa. Eibartik 15:32 eta 17:26 irtengo dira autoak.
Rallya ikuslerik barik izango da, baina jarraipena egiteko aukera egongo da Fotomotor orrialdearen bidez. Azken egiaztapenak bariku [apirilak 30] arratsaldean egingo dituzte Etxebarrian parte hartzaileek, eta bertatik joango dira Urretxura zapatu goizean, rallyari hasiera emateko.
Asistentzia guneko sarrera ere mugatuta egongo dela jakitera eman dute Kastinparro Racing taldekoek. “Gidaria, kopilotua eta hiru mekaniko besterik ezin dira bertan egon”. Federazioaren eta erakundeen laguntza ere eskertu dute. “Federazioaren laguntzagaz lortu ditugu baimenak parte hartzera eta lanera datozenentzako, eta erakundeen diru laguntzagaz antolatu ahal izan dugu rallya”.
Sari banaketa ekitaldirik ere ez da egingo.