Lekeitioko Haurreskola eraberritzen hasiko dira udan
Hainbat lan egingo dituzte faseka. Aurtengo udan gela berdea eta horia eraberrituko dituzte. Lanen kostua, guztira, 176.973,96 eurokoa izango da.
Haurreskola eraberritzeko proiektua prest dauka Lekeitioko udalak. Proiektua idatzi dute, eta lanak faseka egingo dituzte hurrengo urteetan zehar, Haurreskola itxita egoten den udako hilabetean.
Hainbat berritze lan egingo dituzte. Besteak beste, espazioa erabilgarriago izateko gela berde eta horiaren aldagelak batuko dituzte, gela horian ofizio gunea egokituko dute eta gela urdina berrantolatuko dute, aldagela eta ofizio gela egokituz. Horrez gain, beheko solairuan hezitzaileentzako komun bat prestatuko dute eta eraikin barruko arotzia aldatu eta araudiak agintzen duen moduan jarriko dute. Araudira egokituko dute bai eta ere eskaileretako baranda, eta goiko solairuko aldagela, komuna eta biltegia moldatuko dituzte aldagela bi eta garbiketa gela jartzeko. Sarrerako aterpea ere itxi egingo dute.
Segurtasuna ere kontuan hartuko dute eraberritze lanak egiterako orduan. Horrela, suteen kontrako babes instalazioa jarriko dute.
Lan guzti horrek 176.973,96 euroko kostua izango dute, BEZa barne. Aurtengo udan gela berdea eta horia eraberrituko dituzte, eta lan horien zenbatekoa 71.716,84 eurokoa izango da.