Markina-Xemeingo udaletxe zaharra, bost mendeko historia duen eraikina
Markina-Xemeingo udaletxea Zear Kalean kokatu zen mendeetan. Erloju-dorre bat ere badaukan eraikin berezia da. Kontzijopeak haren azpian jarraitzen du herritarrentzat.
Kale artetik plaza handi batera lekualdatu zen Markina-Xemeingo udaletxea orain dela hamabi urte. 2004ko apiriletik dago hain zuzen ere, Goiko Portaleko 3. zenbakian. Udalerriko hiri jauregi aipagarrienetako batean hartu zuen lekua udalak, Mugartegi jauregi barrokoan edota Solartekuan.
Lekualdaketa horrek bitxikeria bat ekarri zuen. Izan ere, udaletxea edo kontzejua Goiko Portalera aldatu bazen ere, markina-xemeindarrentzat Kontzekupeak Zear Kalean jarraitzen du. Ez da harritzekoa. Datuen arabera, bost mendez (XVI. mendetik XXI. mendera arte) kokatu zen Zear Kalean udaletxe zaharra, eta hainbeste denboran errotutako ohiturak aldatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Eraikina XVI. mendekoa da, baina aldaketak pairatu ditu denbora guzti honetan
Markinako lehenengo udaletxea izan zen Zear Kalekoa. Esaten dutenez, udaletxea eraiki arte, hiribilduan agintzen zuen Kontzejuak Erdiko kaleko kantoian, Xemeinen eta desagertuta dagoen Elixabarriako San Pedroren elizan egiten zituen bilerak. Harizti baten ere elkartzen omen ziren, Sagastiguren izan daiteke leku hori. Baina, halako batean, udaletxe bat eraikitzea erabaki zuten.
Eraikina XVI. mendekoa da, baina aldaketak pairatu ditu denbora guzti honetan: XVIII. mendean eraikina zabaltzea erabaki zen, eta XIX. mendean berrikuntza eta banaketa berriak egin ziren, eta horretan Rafael Zabala arkitektoak esku hartu zuen.
Ez da etxe bakarra, bikoitza baino, eta Guen kalera, Erdiko kalera eta Zehar kalera begiratzen du.
Toskanar ordenako zortzi zutabe barrokok eusten dute arkupea
Altuera bi ditu, egurrezko zolata luze batez bananduak, eta lau isurkiko teilatu batez estaltzen dira, harburu landuzko teilatu hegalez. Lehenengo solairuak burdina forjatuzko balkoiak ditu. Beheko solairuan, berriz, herritarrek Kontzekupe moduan ezagutzen duten arkupe handi bat dago. Toskanar ordenako zortzi zutabe barrokok eusten dute arkupea, eta zutabe horietako hiruk kapitel historiatuak dituzte, harrizko bankuak dituen idulki zabal batean bermatuta. Horien egileak Juan de Basaibar eta Sebastian de Leixardi izan ziren, 1636. eta 1646. urteen bitartean.
Zutoinak, baina, ez dira denak berdinak ez eta denboraldi batekoak ere, eta euretariko batzuk, gaur egun desagertuta dagoen Elixabarriko San Pedrokoak direla esan duenik ere egon da. Arkupearen estalkia harrizko mentsula txikietan bermatzen da, eta dintela daukaten hiru sarrera daude: erdikoa, udaletxera ematen duena, eta bi albo.
Erlojua. Erdiko Kalean, lau angeluko oinplanoa duen XIX. mendeko erloju-dorre bat dago atxikita. Hori ere, udaletxe ohiaren parte da, eta horrek ere, hainbat berrikuntza izan ditu. 1827 urtean erosi zen lurra, 20 metro luzerako eta horma lodiko dorre bat jasotzeko. Lau isurkiko estalkia dauka, eta kanpandorrearen gorputzean forjatuak dituzten lau balkoi daude, harrizko moldurak dituzte goiko partean eta erlaitz baten gainean jarrita daude.
Dorre horretan ipini zen erlojua Arrasaten egin zuten, Zugazti etxean, eta hiru trenduna zen. Geroago, Gasteizko Murua Etxeari elektromekanikodun bat erosi zioten, hiru tren eta ozkintzaduna. Neurritan, 126 x 44 tamainakoa.
Markina-Xemeingo udaletxe zaharra bost mendeko historia gordetzen duen eraikin ederra da, berezia, eta Bizkaiko monumentuen artean sartu zuten. Gaur egun eraikin hori Bake Epaitegiaren egoitza eta Gizarte Laguntzaren Zerbitzuen zentroa da. Erlojuak ere martxan jarraitzen du.