Abesbatzek berriro abestu nahi dutela aldarrikatuko dute
Elkarretaratzeak egingo dituzte domekan [maiatzak 2] hiru hiriburuetan eta beste hainbat herritan. Goiko Portalean elkartuko dira Markina-Xemeingo abesbatzak.
“Abestu nahi dutelako eta abestea behar dutelako” kalera aterako dira domekan [maiatzak 2] Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako abesbatzak. 12:00etan jarri dute ordua elkartzeko. Hiru hiriburuetan eta beste hainbat herritan egin dituzte topaketetarako deialdiak, baita Markina-Xemeinen ere. Goiko Portalean elkartuko dira Markina-Xemeingo abesbatzetako kideak.
Abesbatzek, hain zuzen, «berriro abestu ahal izatea eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari» eta agiri bat kaleratu dute eskaera horregaz. Ondarroako Unanue Kamara Koralak eta Kantaize Abesbatzak ere bat egin dute eskaeragaz. Hala ere, oraindik elkarretaratzea egin edo ez erabakitzeko daukatela esan dute.
Joan den azaroaz geroztik, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak direla eta, abesbatzek debekatuta daukate entsegatzeko biltzea, nahiz eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak protokolo zabal eta zehatz bat idatzi duen Eusko Jaurlaritzako Lan Osasun Sailarekin elkarlanean. Eta agintariek hilabete hauetan beste jarduera batzuk berreskuratzeko aukera eman duten arren, ez da gauza bera gertatu abesbatzekin.
Hilabete gehiegi direla diote abesbatzek entsegatu barik egoteko, eta Kantuz bai, ixilik ez kanpaina abiarazi dute egoera salatzeko. Protesta kanpainaren asmoa jarduerara itzultzeko eskatzea dela azaldu dute, “arriskuak ahalik eta gehien murrizteko neurri guzti-guztiak bere gain hartuz, bai aipatutako protokoloan ezarritakoak, bai ezar daitezkeen berriak ere”.
Kantatzea “segurua” dela diote abesbatzek, eta beldur dira horrenbeste denboran elkartu barik egonda abesbatzaren batzuk desagertuko ote diren ere. Jakin nahi dute zergatik eragozten dieten abesbatzetako kideei berriz ere aurrez aurre entsegatzea beste lan, kultura eta kirol jarduera batzuk egin badaitezke.