Boluntarioak inoiz baino beharrezkoago ditu Izarbideanek
COVID-19ak Izarbideanen jarduna okertu du. Ekintza barik eta harremandu ezinik utzi ditu erabiltzaileak. Boluntarioak behar dituzte jarduera denei ekiteko.
Izarbidean elkarteak boluntarioak behar ditu. Inoiz baino beharrezkoago dituzte gainera, eta nahi duten guztiek elkartearen proiektura batzeko deia egin dute.
COVID-19 pandemiak gizarte osoa eraldatu du azken urtean, eta guztien bizitzetan eragin du gehiago edo gutxiago. Izarbidean elkartekoek ere nabaritu dute eragin hori, eta ohiko jarduna berrantolatu behar izan dute ekimenak aurrera eraman ahal izateko. Aukera gehiegirik ez du utzi pandemiak, baina, hala edo hola, ordutegiak aldatu, plangintza berri bat eraiki eta talde txikietan banatuta egin dute aurrera. Hori bai, egunpasa eta asteburuko irteerak zein igeriketa ikastaro eta sukaldaritza tailerra bertan behera utzi beharrean egon dira.
Urte gogorra izan da Izarbidean elkarteko erabiltzaile eta familientzat. Elkartea aniztasun funtzionala duten erabiltzaileen gurasoek sortu zuten, eta aisialdirako eskaintza emateaz gain, horien gizarteratzea dute erronka nagusia. Pandemiak, baina, oztopoak besterik ez ditu jarri helburu horietarako.
Pandemiaren eraginez, etenda geratu zen euren lana, eta gehienak irailera arte ez ziren itzuli euren zereginetara
Pandemiaren eragina. 2020ko martxoan etxealdian lehenengo eta ondoren ekintzarik egin ezinik egon ziren, maiatzaren amaierara arte. Hortik aurrera jarduerak berriro hartzen hasi ziren, paseo txikiak, esaterako. «Uztailean ere antolatu zen zer edo zer guraso edo etxekoei arnasaldi bat emateko eta eurak ere euren artean harremantzen hasteko», azaldu du Mari Eli Ituarte Izarbidean elkarteko lehendakariak. Izan ere, erabiltzaileetako gehienak Lantegi Batuetara joaten direla eta uztailera arteko jarduna izaten dutela jakitera eman du Ituartek. Pandemiaren eraginez, ordea, etenda geratu zen euren lana, eta gehienak irailera arte ez ziren itzuli euren zereginetara. «Ordutegi murritzagoagaz bueltatu ziren gainera eta, beraz, arratsalde osoa daukate libre».
Hori dela eta, aisialdi eskaintza beharrezkotzat jo zuten zuzendaritza batzordekoek eta gurasoek, eta abuztuko etenaldiaren ondoren ere, irailetik aurrera, berriro martxan hastea erabaki zuten. Lehenengo arazoa materialekin zer egin erabakitzea izan zuten. «Puzzle eta jolas guztiak armairu batean zigilatuta dauzkagu, eta egurrezko eta plastikozko beste hainbat material erosi genuen erabili ahala garbitu ahal izateko».
Topagunean ahalik eta denbora gutxien egiten dute, ahal den guztian kanpoan egoten dira
Hala ere,Topagunean ahalik eta denbora gutxien egiten dute, ahal den guztian kanpoan egoten dira. Baina, hortik kanpo ere, oso ekintza gutxi geratu zaizkie. Talde bat Arte Eskolara joaten da martitzen arratsaldeetan, eta Zalditegira joaten ere hasi dira berriro batzuk. «Arte Eskolakoa ere kostatu zitzaigun martxan jartzea. Irakaslea prest zegoen, baina beldur handia zegoen, eta protokoloak ere oso zorrotzak dira. Baina beste era batera antolatzen dira orain, eta irakasleak oso ondo kontrolatzen ditu».
Taldeak ere murriztu behar izan dituzte. «Barikuetan hiruzpalau elkartzen dira, batzuk bakarrik barikuetan datozelako, bestela, bi laguneko taldeak dira». Binaka joaten dira 16:00etatik 18:00etara paseoan egitera, baina ez egunero. «Taldeak lagun bikoak izanik, egunero ez dago ordurik denentzako». Gainera, aste barrurako boluntario bakarra daukate, «hori da gure arazorik handiena», dio Izarbideaneko lehendakariak. Zalditegira ere talde txikietan joan behar dira: «Furgonetan joaten dira, eta kopurua murriztuta dago, distantziak zaintzeko. Lau joan ahal dira bakarrik, boluntarioa eta euretako lau».
Ekintzarik ez egoterakoan hartu-emana galtzen doaz boluntarioak, eta horregaz batera motibazioa ere bai
Boluntarioak. Izarbidean elkartearen Topagunea eta aisialdi proiektua aurrera eramateko boluntarioak ezinbestekoak dituztela azpimarratu du Ituartek. «Boluntarioek ematen diote izaera eta hauspoa gure elkarteari». Beraz, boluntarioen sare sendo bat eratu nahi dute aisialdi aukerak aurrera eraman ahal izateko. «Astegunerako kontratupean daukagun boluntario bat daukagu, eta barikuetan beste boluntario batzuk etortzen dira». Baina pandemiaren eraginez, gurpil zoro baten moduko bat sortu dela dio Ituartek. «Ekintzarik ez egoterakoan, bakarrik barikuetakoa, hartu-emana galtzen doaz boluntarioak, eta horregaz batera motibazioa ere bai».
Bestalde, neska bi ere badituzte denbora libreko monitoretza ikasi eta praktikak egiten ari direnak. «Horiei orduak eskaini behar zaizkie, eta ditugun orduak eurei bakarrik emanez gero, boluntarioek ez dute parte hartzen eta horiek galtzen joaten gara. Lehen hainbat ekintza genituen astean, eta batzuk lokalean geratzen ziren bitartean, beste batzuk ekintzetara joaten ziren boluntarioek lagunduta. Boluntario denei aukera ematen genien parte hartzeko».
Izarbideaneko lehendakariak gogora ekarri duenez, aniztasun funtzionala duten pertsonak pandemiak gehien zigortu dituen gizartearen kolektiboetako bat izan dira. «Euren egunerokotasuna behar dute, errutina bat behar dute, bestela galdu egiten dira. Ordutegi bat, ekintza batzuk… hori guztiori galdu dute». Eta guztiori berreskuratzeko ezinbesteko dituzte boluntarioak. «Nahiko genuke boluntarioak ez etortzea bakarrik kreditu bila. Gogotsu etortzea nahiko genuke. Euren gaztetasuna eta ikuspuntu berriak ongietorriak izango dira».
Antolatzen diren ekintzetan Izarbidean elkarteko erabiltzaileak ere aintzat hartzea garrantzitsua da inklusibitatean laguntzeko
Boluntariotzak bere onurak ere badituela azaldu du Ituartek. «Boluntario modura jardutea boluntarioentzako ere oso aberasgarria da. Horrez gain, gaur egun, unibertsitateko edozein ikasketetarako kredituak ematen ditu boluntariotzak.
Deialdi berezia egin dute gainera, uztailerako, hilabete horretarako zer edo zer desberdina antolatu nahi dute eta. «Baina horretarako jendea behar da, eta jende horrek eduki ditzakeen ideiak».
Halaber, Izarbideaneko kideen integrazioa lortzeko deia ere egin dute, «eurek ere herriko ekintzetan parte hartzeko eta herriko beste talde, elkarte edo eragile batzuekin elkarlanean aritzeko aukera izan dezaten». Horretarako, norbanako edo herriko elkarte, talde eta eragileen parte hartzea funtsezkoa ikusten dute. «Antolatzen diren ekintzetan eurak ere aintzat hartzea garrantzitsua da inklusibitatean laguntzeko».
Diru kontuei dagokienez, laguntza publikoetara jotzen du elkarteak, baita kooperatiba edo enpresetara ere
Karmen jaietako danborradan, San Joan suetan… parte hartu ohi dute Izarbidean elkartekoek. «XATek antolatutako udaleku ibiltarira ere joan ziren batzuk, eta hainbat egunez herriko gazte jendeagaz bat egin eta ikustezin izateari utzi zioten. Harreman hori denboran luzatu zen, eta kalean ere agurtzen zituzten. Detaile txiki horiek mundu bat dira hauentzat. Hori guztia galdu egin da, eta egoera honek ez ditu gauzak errazten». Beraz, ekintza bat antolatzen denean hauek ere gonbidatzea eskatu dute. «Besteekin parte hartzeko aukera behar dute, ea zer edo zelan berreskuratzen dugun aurretik ere egon den giro polit hori».
Diru kontuei dagokienez, laguntza publikoetara jotzen du elkarteak, baita kooperatiba edo enpresetara ere. «Markina-Xemeingo, Etxebarriko, Ziortza-Bolibarko udalek, aldundiak, Laboral Kutxak eta Caixak, Cikautxo, Kide, Eika eta Fagor Arrasatek eta Lagun Arok eman ziguten laguntza iaz», eskertu du elkarteko lehendakariak. Bazkide egiteko aukera ere zabalik dauka elkarteak, urtean 10 euro ordainduz.