Maialen Bengoetxea Badiola: "Birusari sekula ez diot eduki geldiarazten zaituen beldurrik"
Ondarrutarra da Maialen Bengoetxea Badiola, eta gaur gaurkoz COVID-19aren aurkako txertoak ipintzen dihardu. Pandemia izendatu zutenetik askotariko lanak egin ditu: PRC probak, aztarnari lanak... Galdakao-Usansolo ospitaleko COVID-19 solairuan ere lan egiteko aukera eduki du.
COVID-19aren aurka lehen lerroan aritu zara.
Gaiak benetan eztanda egin zuenean, etxez etxeko ospitalizazio zerbitzuaren barruan COVID-19agaz gaixotutakoak zaintzeko talde berezian sartzeko deitu zidaten. Martxotik uztailera PCRak egiten aritu ginen. Hasiera batean, PCRak ez ziren orain modura masiboki egiten; oso gaizki zeuden pertsona gutxi batzuei egiten zitzaizkien, benetan kutsatuta zeuden jakiteko, eta zegokien zainketa emateko.
Hasierako aste haiek nolakoak izan ziren?
Nahasmen handiko asteak izan ziren; kaos bat zen dena. Inork ez zekien ondo zelan erantzun egoerari eta zer gertatu zen ere.
Zelan kudeatu zenuen kutsatzeko arriskuan egotea?
Norbera kutsatu eta inguruko jendea kutsatzeko ardura horrek zama handia eragin zigun. Lehen lerroan aritu naiz lanean, baina, zorionez, ez naiz kutsatu, eta zentzu horretan pozik nago. Ardurarik gehien hurrekoak kutsatzeak eragiten zidan. Birusari sekula ez diot eduki geldiarazten zaituen beldurrik; errespetua bai, baina, zorionez, ez diot beldurrik eduki. Nire inguruan beldur handiagaz ikusten nuen jendea, eta beldur horrek ez zieten behar bezala lan egiten lagatzen.
Etxez etxe PCRak egiten aritu ostean, zertan aritu zinen?
COVID-19aren talde berezikook osasun zentroetara bideratu gintuzten PCRak egitera; ni neu Ondarroara bidali ninduten. PCRak egiten erizain gutxi batzuk genekien, eta osasun zentroetako beste langileei zelan egiten zen erakutsi genien lehendabizi; abendura arte PCRak egiten eta aztarnari lanak egiten aritu nintzen. Urrian eta azaroan, gainera, Galdakao-Usansolo ospitaleko COVID-19 deritzon solairuan ere lan egin nuen.
Olatuen garaian murgilduta, zer egiten ari gara gaizki?
Ni ez naiz inor jendeari zer egin eta zer ez egin esateko. Baina kontaktuen kontuarekin zorrotza izan behar dela uste dut. Positibo eman duen baten kontaktua bazara, eta nahiz eta PCR negatibo bat eduki, esandakoa bete eta etxean gelditzea komeni da. Jendeak uste du lehen PCRaren emaitzak negatibo ematen badu kalean ibiltzea badaukala, baina ezarritako berrogeialdia eta osasun langileek emandako gomendioak betetzea oso garrantzitsua da. Aztarnaria norberagaz kontaktuan jartzen denean ere gezurrik ez esatea ere garrantzitsua da. Gure lana ez da inor zigortzea; ez dugu inor epaitzen. Gure lana kutsatze katea errotik moztea da eta positiboak izan daitezkeen horiek guztiak lokalizatzea, horregatik berebizikoa da egondako kontaktu guztiak ezagutzea.
Urtearen amaieragaz batera txertaketa ere hasi zen.
Txertoa ailegatzeko hainbeste denbora egon gara zain, eta momentua ailegatu zen azkenean. Are gehiago, norbera txerto hori jartzen ari dela ikustea oso pozgarria da. Lan hau asko gustatzen zait, eta orain momentuan prozesu garrantzitsu eta historiko baten parte sentitzen naiz; pozik nago prozesu honen parte izateko aukera eduki dudalako.
Lehenengo txertoa ipintzea zelakoa izan zen?
Urtarrilaren 4an eman nuen lehengoa, eta ordutik kanpainan sartuta nabil buru-belarri. Durangoko egoitza bateko emakume bati eman nion txertoa; ume txiki baten modura poz-pozik sentitu nintzen, hainbeste denbora itxarondako unea ailegatu zela ez nuen sinistu ere egiten. Nire aulkian jarri zenean emango nuen lehengo txertoa berari emango niola esan nionean asko poztu zen.
Txertoa hartzera doazenek zalantza asko izaten dituzte?
Zalantzak edukitzea normala eta ulergarria da. Edozein zalantza badute, datozela guregana. Zalantza horiek argitu eta erabakia hartzeko behar duen denbora emango diogu. Nire lana txertoak ipintzea bada ere, ni neu ez noa inor txertoa hartzera derrigortzera; ez dut inor epaituko.
Jendeak normalean zer zalantza edukitzen ditu?
Gehienen zalantzak oso antzekoak izaten dira. Nire ustez, ondo etorriko zen txertoa hartzera datozenei aldez aurretik informazio orriren bat bidaltzea; gauzak asko erraztuko lituzke. Polena edo penizilinari moduko ohiko alergiek, esaterako, ez dute kontraindikaziorik. Hala ere, txertoa hartzerako orduan zer alergia dituzun komentatzea komenigarria izaten da. Osakidetzan egondako oker baten ondorioz, parazetamol bat hartzea gomendatzen zen nonbaiten, eta jendea hori betetzen ari da, baina sintomarik egon ezean ez da ez beharrezkoa ezta ona ere. Beste batzuek txerto baten edo bestearen artean aukeratu ahal den galdetzen digute, baina hori ere ezin da. Egia esan, askok zein txerto jarri diegun jakin-mina edukitzen du; zein txerto eta zein sortakoa jarri diogun agertzen den agiri bat ematen da.
Kasuren batzutan ez hartzea gomendatzen da?
COVID-19agaz bateragarria den edozein sintoma badaukazu, ezin daiteke txertatu. Atzeratu egin beharko litzateke, hobeto egon arte. Dialisian edo tratamendu onkologikoan daudenen kasuan, txerto batzuk ere ez dira bateragarriak.
Albiste batzuek zalantza gehiago eragin dute?
Txertaketa kanpainari buruz komunikabideetan ematen den informazioa fidagarriagoa izatea gustatuko litzaidake; askok morboa eragin dezakeen gai bat hartu eta horri bueltaka aritu dira. AstraZenecaren txertoen odolbilduen kontuagaz gertatu dena komunikabide askoren titularretan agertu da, eta horrek alarma eragin du jendartean. Baina, egia esan, eta betiere datuak kontuan hartuta, koronabirusagaz beragaz kutsatzen bazara odolbildu bat izateko aukera gehiago dituzu. Erretzailea bazara edo antisorgailuak hartzen badituzu ere, txertoak baino hamabi aldiz arrisku gehiago daukazu odolbildu bat edukitzeko.
Hala ere, prebentzio neurri batzuk betetzea beharrezkoa izango da, ezta?
Txertoek ez dute %100ean babesten, eta kutsatzeko arrisku txiki bat hor geratzen da beti. Hortaz, prebentzio neurriak oraindik kontuan eduki beharreko gauza bat izaten jarraitzen du. Diotenez, garrantzitsua izango da biztanleriaren gehiengoa txertatzea, talde immunitatea deitutakoa sortzeko.