Txosten batek dio prekaritatea handitu egin dela Mutrikun
Egoera horiei aurre egiteko parte hartze prozesu batean oinarritutako diru laguntza programa berezi bat diseinatu nahi du Mutrikuko Udalak.

Herrian dagoen prekaritateari “ahal duen mailan” erantzuteko asmoa agertu du Mutrikuko Udalak. “Herrian dauden hutsuneei erantzun nahian“, 2020 urtearen bukaeran udalerriko prekaritate indizeei buruzko txosten bat garatzea eskatu zioten Gislan enpresari, eta eguaztenean [apirilak 28] azterketa horri buruzko xehetasunak ezagutzera eman zituen Imanol Esnaola azterketaren arduradunak.
Alde batetik, prekaritate sozio-ekonomikoari buruzko indizeak ezagutzera eman zituen Esnaolak, arazoari buruzko dimentsio “erreala” agerian jartzeko. Eta, bestetik, identifikatutako kolektibo nagusiak zeintzuk diren eman zuen ezagutzera. Azkenik, balizko esku hartze ildo posible batzuei buruz ere jardun zen. Oro har, prekaritatea handitu egin dela esan zuen Esnaolak, eta COVID-19a, gainera, kasurik larrienak agerian jarri dituela.
Gaiarekin lotuta, 2021 aurrekontuan bi partida berezi onartu ditu udalak, baina 2022 eta 2023 urteetara begira, parte hartze prozesu batean oinarritutako diru laguntza programa berezi bat diseinatzea da asmoa. “Herrian arlo honetan lanean ari zareten eragileekin batera diseinatu nahi dugu programa, herritarrentzako komenigarrienak izan daitezkeen zeintzuk diru laguntza eman adosteko”, azaldu zuen Ainhize Azpiazu gizarte gaietako zinegotziak.
Premia handiena non dagoen identifikatu eta horri erantzutea da udalaren asmoa. Bide horretatik, beste herri batzuetako udalek ematen dituzten diru laguntzei buruzko bilduma bat ere osatzea eskatu dute, “hutsetik ez hasteko eta eredu batzuk edukitzeko”. Usurbilen, Azpeitian, Hernanin eta Errenterian egiten diren egitasmo “interesgarriei” erreparatu diete horretarako.