Asanblada deitu dute Lekeition 13/13 auziaren epaiketaren harira
Arantza Zulueta eta beste zazpi euskal herritar epaituko dituzte uztailaren 12an Espainiako Auzitegi Nazionalean. 77 urteko espetxe urte eskatzen diete.
Uztailaren 12an Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko duten 13/13 auziaren epaiketaren harira, informazio asanblada egongo da barikuan [maiatzak 7], 18:30ean, Lekeitioko Eskolapean. Arantza Zulueta eta beste zazpi euskal herritar epaituko dituzte, eta fiskaltzak 77 urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat.
Atzo [maiatzak 3] eman zuten zortzi auziperatutako seik epaiketaren berri prentsaurrekoan, eta auzia “dagoeneko epaitu dutela” esan zuten. Auzipetuek azaldu zutenez, “presoen kolektiboari -EPPK- laguntzeko eta agertoki berrira egokitzeko eta agente aktibo bihurtzeko lan egiten zuten soilik”.
Zortzi auzipetuen kontrako polizia operazioa 2010eko apirilean egin zuten, eta presoen defentsan aritzen ziren 13 pertsona, abokatuak tartean, atxilotu zituzten. Horrez gain, garai hartan, hainbat polizia operazio egin zituztela gogora ekarri zuten auzipetuek, besteak beste, Bateragune deiturikoa eta Herrira plataformaren aurkakoa. Euren aurkako operazioa presoekin eginiko ahalegina «zapuzteko» saiakera bat izan zela salatu zuten.
Garai berria. ETAk jarduera armatua duela hamaika urte utzi zuela gogora ekarri zuten, eta bost urte direla desegin zenetik. Horrez gain, Herrira-ren kontrako auzian irtenbidea lortu zela adierazi zuten. Horregatik, 13/13 auzia «denboraz eta lekuz kanpo» dagoela esan zuten.
Auziperatuek iragarri zutenez, uztailaren 10ean Bilbon eta Donostian manifestazioak deituko dituzte, “lekuz kanpo” dagoen epaiketa bat salatzeko
Auzipetuek uste dute «presoak atzerapen gehiagorik gabe etxeratzeko garaia» dela, «gatazkaren ondorio guztiak argitu eta zauriak ondo ixten» saiatzekoa eta «euskal gizarteari, askatasunari eta demokraziari aukera berriak» irekitzekoa.
Horregatik, argi adierazi dute prest daudela fiskaltzarekin akordio bat egiteko, Herrira elkartearen kontrako epaiketan gertatu zen bezala, eta «borondate» horregaz ekingo diotela epaiketari, baina oraindik ez dakitela beste aldean ere horretarako borondaterik egongo ote den. «Gure ekarpena izango da egoera berriaren aldeko apustua sendotzea», erantsi zuten.
Auziperatuek iragarri zutenez, uztailaren 10ean Bilbon eta Donostian manifestazioak deituko dituzte, “lekuz kanpo” dagoen epaiketa bat salatzeko, eta alderdi politikoekin, sindikatuekin, erakundeekin eta eragile sozialekin “elkarrizketarako bidea” ere irekiko dutela aurreratu zuten, “salaketagaz bat egiteko”.