Gizaburuagak janari denda dauka berriro
Udalak Herriko Taberna barruan zabaldu du saltokia, herritarren oinarrizko beharrizanei erantzuteko nahiagaz.
Hainbat urtez janari dendarik eduki barik egon ostean, berriro ere herrian ohiko erosketa txikiak egiteko aukera daukate gizaburuagarrek. Gizaburuagako Udalaren ekimenez, eta garai bateko eredua oinarri hartuta, Herriko Taberna barruan zabaldu dute saltokia. Dendak tabernaren ordutegi bera edukiko du: eguaztenetan izan ezik, egunero 10:00etatik 20:00etara dago irekita.
Amaia Zabala alkateak azpimarratu duenez, herritarren oinarrizko beharrizanei erantzuteko hartutako erabakia izan da. “Sasoi batean Tere tabernak ematen zuen zerbitzu hori, baina duela hogei bat urte zarratu zutenetik, herrian ez da beste janari dendarik egon. Gaur egun gauden egoeran egonda, herrian janari denda baten beharra areagotu egin dela ikusi dugu, eta gabezia horri erantzun bat eman nahi izan diogu”.
Udal agintariak esan duenez, Herriko Taberna janari denda ipintzeko lekurik aproposena iruditu zaie. Horretarako, tabernaren izkina bat egokitu behar izan dute. “Hor zeuden armairuak kendu eta bertan salmahai bat, bionbo bat eta apal batzuk ipini ditugu, jangaiak bertan ipintzeko”. Moldaketa horiek guztiak egiteko 3.000 euro inguru inbertitu ditu udalak.