Lekeitiarren mezua, Kutxa Biran sartuta
Euskararen aldeko mezuak gordetzen dituen kutxa gaur [maiatzak 4] heldu da udalerrira, eta ondoren Larrabetzurainoko bidea egin du. Euskararen garrantzia nabarmendu du Aittitta Txiki kultur taldeak.
Plentziatik Gernika-Lumora, bakearen hiritik Lekeitiora eta kostako herritik Larrabetzura. Euskararen aldeko mezuak daramatzan kutxak bere bidea egiten jarraitzen du, maiatzaren 30ean Segurara heldu arte. Gaur, baina, Lekeitiora heldu da eta harrera beroa egin diote Abaroa parkean egindako ekitaldian.
Aittitta Txiki kultur taldearen ekimenez egin da ekitaldia. Berton, duela 600 urte inguruko abesti bat gogoratu dute: “Kanta batek dio baten batek kutxa bat topatu zuela itsaspean, eta haren barrutik mezu bat jalgi zela olatuen oldarragaz: Inor ez zapaltzeko gogoa; zapalduak ez izatekoa”.
Oinarri horrek gogorarazten die lekeitiarrei herri batentzat bere izaera “zaintzailea” dela altxor guztien iturria. Hala irakurri du Miren Agur Meabe idazleak Kutxa Birarako propio prestatu duen mezuan: “‘Hitza bada gure lurra, adar oro erroan da’, dio abestiak. Eta halaxe da: sustraietatik enborra, enborretik adarrak, adarretik kimuak, kimutik lorea, loretik fruitua… Eta fruitua? Mamia, ahora; hezurra, berriro lurrera. Eta hezurra lur egin eta lurrak hitza eman eta hitzak lurrari esan“. Lurrak eta hitzak bat izan behar dutela uste dute, “sustraia eta hazia, lokarria eta hesia, aterpea eta askazia”.
Ekitaldia bertsolariek berotu dute. Gutunaren aurrean, gainera, aurreskua eta abestiak ere ez dira falta izan. Gainera, Asier Uskolak Kaxarranka dantzatu du.