Markina-Xemeingo Leartiker Foku Anitzeko Zentro Teknologiko izendatu dute
Izendapen horren harira, ondokoek bisitatu dute gaur zentroa: Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua.
Markina-Xemeingo Leartiker kooperatiba I+G+B arloko erreferentziazko zentro teknologiko bihurtu da Foku Anitzeko Teknologia Zentro izendapen berriari esker. Izendapen horren lorpena ospatzeko, erakunde ezberdinetako ordezkarien bisita jaso dute gaur arratsaldean. Besteak beste, ondokoek bisitatu dute zentroa: Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak.
Azken bost urteetan hazkunde handia eduki du Leartikerrek, eta horren adierazgarri izan da lortu berri duen izendapena. Zentro teknologikoak teknologia eta berrikuntza enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa erabiltzea sustatzen du, ezagutza multiteknologikoa sortuz eta garatuz. Are gehiago, jarduera horiek Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ezarritako lehentasunekin bat datozen ikerketa eremuetara egindako transferentzia teknologikoaren indize handiari esker ere nabarmentzen da zentro teknologikoa. Beste enpresa batzuekin daukan lankidetza estuari esker lortu du indize hori.
Polimeroen teknologian eta Elikagaien Teknologian espezializatutako zentro teknologikoa da Leartiker
Espezializatuta dagoen bi teknologiengatik nabarmentzen da Leartiker: polimeroak eta elikagaiak. Polimeroen Teknologiaren esparruan, eta material polimerikoekin fabrikatzeko diseinuaren kontzeptuan zentratuta, Leartikerrek hainbat materialen garapenetik hasi eta fabrikazio-prozesuetara arte lan egiten du. Bi espezializazio handi ditu: garraio jasangarria eta osasuna.
Elikagaien Teknologiaren esparruan, berriz, elikadura osasungarria lehenetsi eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten du, nekazaritzako elikagaien industrien lehiakortasuna hobetzen laguntzeko estrategia nagusi modura.
Zentro teknologikoak 50 pertsonako lan taldea dauka, horien artean bederatzi doktore eta 2 doktoregai. Lantalde hori 50 ikerketa proiektu baino gehiagotan murgilduta dago, eta azken urteetan hazkunde handia eduki du nazioarteko proiektuen kopuruan; gaur egun, %20 dira nazioartekoak. Horrez gain, 200 enpresa baino gehiagori eskaintzen dizkio bere zerbitzuak, eta 3 milioi eurotik gorako negozio bolumena dauka.
Urte hauetan hainbat ziurtagiri lortu ditu zentroak, besteak beste, 2018an UNE 166002 I+G+b kudeaketa sistemaren arauaren bidez elikagaien teknologiaren eta polimeroen teknologiaren arloetan lortutakoa, eta bere azken mugarria Foku Anitzeko Zentro Teknologikoaren izendapena izan da, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako I+G+b arloko abangoardian kokatu duena, hain zuzen.