Euskadiko atletismo egokituko pistako txapelketa irabazi du Jon Revuelta ondarrutarrak
Atleta ondarrutarrak bere marka pertsonala hobetu du 400 metroko lasterketan. Josu Lekunberri atleta mutrikuarra, berriz, domina batekin bueltatzeko aukerarik gabe geratu da. Joseina Malvido ondarrutarrarekin batera Espainiako Txapelketan parte hartuko dute.
Basauriko Ascensores Bertako-Javi Conde taldeko Jon Revuelta Bustingorri atleta ondarrutarrak lehenengo postua lortu du Euskadiko atletismo egokituko pista txapelketan. 400 metroko lasterketa nagusitasun osoz irabazi zuen; 1 minutu 9 segundo eta 52 ehuneneko marka egin zuen, Andoni Martin bigarren sailkatuak baino ia 3 segundo gutxiago.
Ondarrutarrak lasterketan lortutako emaitzagaz “pozik” agertu da Javi Conde entrenatzailea. “Hasieratik lasterketaren buruan ipini zen, eta egindako emaitza onari esker, bere marka pertsonala hobetu du; lehenengo aldiz 1 minutu eta 10 segundoko markatik jaistea lortu du. Marka nabarmen hobetu du, gainera; duela gutxi 1.12,29 marka lortu zuen Toledon. Aurtengorako jarrita genuen helburua gainditu ondoren pozik gaude. Egia esan, sasoiko ailegatu da txapelketa eta hori ere igarri egin da emaitzan”.
Proba berean Josu Lekunberri Aretxabaleta atleta mutrikuarrak ere parte hartu zuen. Basauriko Ascensores Bertako-Javi Conde taldeko atletak lasterketa ona egin zuen, baina ez zuen dominarik irabazteko aukerarik eduki. 1.22,58 marka eginda, laugarren amaitu zuen lehia. “Ez da bere markarik onena, baina esperotakoa baino marka hobea lortu zuen. Azkenaldian hainbat arazo gainditu ostean, sasoiko jartzen ari da berriro”.
Atletismo talde bereko Joseina Malvido atleta ondarrutarra ere domekan [maiatzak 2] Basauriko Artunduaga kiroldegian lehiatu zen txapelketan parte hartzekoa zen, baina ezin izan zuen parte hartu. “Tamalez etxealdian dago”.
Ondarroako eta Mutrikuko hiru atletek Espainiako txapelketan parte hartuko dutela aurreratu du taldeko entrenatzaileak. “Bi aste barru Segovian lehiatuko den Espainiako Txapelketan parte hartuko du Jon Revueltak. Josu Lekunberrik eta Joseina Malvidok, ostera, astebete beranduago Albaceten jokatuko den txapelketan parte hartuko dute”.