Herriko igogailuetan kalteak eragin dituztela salatu du Ondarroako Udalak
Pintaketak agertu dira Kantoipeko eta Pixapeko igogailuetan eta Kamiñaldekoa izorratuta dago. Mantenuaz arduratzen den enpresak Kamiñaldeko igogailua konpontzeko bi eskaintza aurkeztuko ditu astelehenean.
Gaur [maiatzak 6] goizean hainbat pintaketa agertu dira Kantoipeko igogailuan. Azpiegitura barruan ezeze, bigarren solairuaren kanpoan (elizaren sarreran) ere egin dituzte pintaketak. Pixapeko igogailuan ere pintaketak agertu dira egunotan. Udalak azpimarratu duenez, ez da igogailuak pintaketekin erasotu ditzuten lehen aldia. “Sarri egiten dituzte horrelakoak; azkenaldian mota honetako erasoak areagotu egin dira”. Pintaketak ahalik eta arinen kentzeko asmoa agertu du udalak. “Garbitasuneko langileak arduratuko dira ahal duten guztia garbitzeaz”.
Kamiñalde eta San Ignazio 32 atari parea lotzen dituen igogailua, ostera, matxuratuta dago. Egunak daramatza zerbitzuak etenda; auzokideak, gutxienez, aurreko barikutik [apirilak 30] daude zerbitzu barik. Jakitera eman dutenez, herrian gehien ibiltzen den igogailua da, baina, historikoki, eraso gehien jaso dituena ere bada. ” Besteak beste, pintaketak, bizikletekin hormetan kalteak… eta hori gutxi ez balitz pixa ere egin izan dute. Behin baino gehiagotan aurkitu dute igogailuan pixa”.
Erabilera handiak eta kalte horiek guztiek, igogailuaren makineria arinago izorratzea eragin dutela esan dute. “Uste dugunez, pixak oxidazio arazoak areagotu egin ditu”. Udala igogailuaren mantenu lanak egiteaz arduratzen den enpresagaz ipini da harremanetan; astelehenean [maiatzak 10] etorriko dira berriro teknikariak.
Aurreratu dutenez, mantenu enpresako arduradunek igogailua konpontzeko bi eskaintza aurkeztuko dizkiete astelehenean. “Ohiko mantenimenduagaz gain, igogailua ondo ipintzeko bestelako lanak ere egin beharko dituztela esan digute. Oso garestiak diren pieza batzuk aldatu egin beharko direla aurreratu digute, aurrerago matxura handiagoa edukitzea saihesteko”.
Udaletik “errespetua” eta “ardura” eskatu dute. “Herria guztion artean zaindu behar dugu. Denon ondasunak dira, eta matxuratzen badira gastu handia eragiten diote udalari. Pertsona gutxi batzuk erabilera desegokia egin dute, eta horren ondorioz, jende asko premiazko zerbitzu barik geratzen da sarritan”.